Txanpuene baserria botatzeko lanak hasi dituzte

Txanpuene baserria eraisteko lanak. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar)

Aieteko baserriaren lursailean daude hondeamakinak. Hiru mendeko historia du eraikinak. Irutxuloko Hitza eraisketaren jarraipena egiten ari da.

Asteartean baserria hustu ondoren, Amarako Txanpuene baserria botatzeko lanak hasi dituzte. Dagoeneko, oilategia eta baratza bota dituzte, eta baserri barruko objektuak ateratzen ari dira. Edozein unetan eraitsi dezakete hiru mendeko historia duen baserria.

Iñigo Etxabe Txanpueneko maizterraren arabera, baserria eraisteko suhaitzaileen eta udaltzainen baimena behar dute: “Jai egunak datozenez, espero dugu iristea abenduaren 9ra arte bota gabe”. Obra egiteko baimena dagoela dio Etxabek, baina udaletxean eta Eusko Jaurlaritzan idatzi batzuk sartu dituzte baserria babesteko. “Abenduaren 9an udal gobernuak erantzungo dio EH Bilduk egingo dion galderari”.

Hondeamakinak zuhaixkak eta zuhaitzen adarrak kentzen ari dira. Topografo bat dabil inguruko lursailetan neurketak egiten. Izan ere, luxuzko etxebizitzak eraikitzeko asmoa dute baserriaren lursailean. Baserria ia guztiz hustu dute: altzari gehienak kanpoan daude. Sei pertsona inguru dabiltza hustuketa lana egiten. Segurtasun langileek ez dute ustezko eraisketari buruzko informaziorik eman nahi izan.

Baserrien babesa

Ancora elkarteko hiru kide gerturatu dira Txanpuene baserrira, eraisketa lanak ikustera. “Atzo esan ziguten gaur goizean hasiko zirela botatzen. Penagarria iruditzen zaigu XVIII. mendeko baserria desagertzea. Hemen inguruan geratzen den bakarrenetarikoa da Katxolarekin batera”, azaldu du Eneko Oronozek. Ancorak 70 baserri baino gehiago babesteko eskatu du, baina ez dute erantzunik jaso. “Badirudi ez direla baserri gehiago babestu behar. Oso mingarria da guretzat”.

Eraikinak hainbat bereizgarri dituela gaineratu du Oronozek. “Gailurrean gurutze bat du, eta ezaugarri hori duten oso baserri gutxi geratzen dira. Era berean, harri misteriotsu bat du ateburuan, ‘Nueva Barceloneta 1773’ jartzen duena”. Txanpueneren historia aintzat hartuta, Oronozek ondorengoa azpimarratu du: “Gerrak pasa ditu, baina espekulazioari ezin izan dio aurre egin”.

2020/12/03

Mikel Elkoroberezibar/Inaxio Esnaola

Deja un comentario