Zepoan harrapatuta

«Un proyecto de vida sin complejos en pueblos pequeños»

Zerainek ez du kutxazain automatikorik izango hemendik aurrera; Kutxabankek kentzea erabaki du azken hogeiren bat urteetan han eduki duen kutxazaina. Zergatik zigortuko du Kutxabankek Zerain? 260ren bat biztanle besterik ez dituelako. Dirudienez, Kutxabankentzat ez da nahikoa herrian bi taberna-jatetxe, bi sagardotegi, bi landetxe eta bizpahiru gaztandegi egotea. Edota museo etnografiko bat eta meategi gune aberats bat, bere interpretazio-zentro eta ibilbidearekin. Edo azken hogeita sei urteotan etenik gabe antolatu izana irailean Azoka Ekologikoa, Euskal Herri osoko ekoizleak baita Iparraldekoak ere erakarrita. Wall Streeten balego bezala ari da jokatzen Kutxabank Zerainekin.

Bedaiok wifiarekin dauka arazoa; pasaeran, baserri guztietan ikusiko dituzu pankarta zuri nahiz beltzak, errepide ertzeko edozein eraikinetan, baita sutarako egur pilaren kontra bermatuta ere: «Coronabirusak ez, Tolosako Udalak isolatzen gaitu. Fibra orain», «Foru Aldundia, zuntza orain!». Tolosako Udalarentzat kolonia moduko bat izan liteke Bedaio, han goian galduta daukan bere agintepeko auzoa. Irailean ikusi nituen pankartak, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan dagoen Zarateko lepora nindoala; Azken Muga arte jaialdiaren bosgarren edizioa zuten aurtengoa: laurogei artistaren lanak ikusgai, aire librean nahiz Zaratetxeko aterpean, denak Zumetaren omenez. Bedaio mendian dago, baina ez kultur zirkuitutik kanpora.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Uda Ikastaroetako bat Zerainen egin zen aurten, irailaren 18an. Seguru asko halako herri batean sekula egin den unibertsitateko ikastaro bakarra. Herri txikiak aurrera begira: auzolaneko kultura eta balioetatik etorkizunera; horixe ikastaroaren izenburua. Hiru hizlarietako bat Isabel Elizalde zen, tokiko garapenean aditua, aurreko legealdian Nafarroako Gobernuan Landa Garapeneko kontseilari izana. Zeraingo ikastarora gai hauxe eraman zuen: XXI. mendeko herri ttikien kontakizuna eraikitzeko gogoetak. Erakutsi zuen Elizaldek maparen gainean, oso modu grafikoan, nola Nafarroako biztanlegoa Iruñea inguruan pilatzen ari den geroz eta gehiago, Pirinioak eta Zangoza aldea husten doazen bitartean. Landa eremuko herri txikien aferarako pista batzuk eman zituen Elizaldek, honako helburuaren ardatzean: «Herri txikietan konplexurik gabeko bizitza proiektua» garatu ahal izatea.

Pandemia garaian landa eremuekiko estimazioa hazi egin da, oinarrizko planteamendu batetik abiatuta: aire librearen osasuna, itxialdiak igarotzeko baldintza hobeak, biztanle gutxiago kilometro karratuko… Telebistan eman dute hiriburuko pisua utzi eta Arabako herri txikietara aldatu diren familiei buruzko erreportajeren bat. Hartaraino iritsi gabe, paseatzaile konpultsibo bilakatu garen honetan, inguruetako mendiak bihurtu dira hiritar askoren jomuga. Donostian, esaterako, Urgull, Ulia eta Igeldo hirukotea.

Irutxuloko Hitza-n topatu dut Aratz Urruzmendik Igeldoko Herri Kontseiluaren izenean idatzitakoa: Igeldo inguruko naturagune nagusietakoa denez, herritar asko eta asko dira, bereziki asteburuetan, gure herrira gerturatzen ari direnak. Ez gaude honen aurka, baina kontuan hartu behar dugu pilatzen ari den jende-oldeak […] Igeldok hain berezkoa duen herri bizitzan eragin handia duela». Bide batez, arazo zehatz bat aipatzen du Urruzmendik: Igeldo herritik kanpinerako bidean falta den espaloia, oraingo jende-pilaketekin segurtasun eza areagotuz. Donostiako Udalak, nonbait, entzungor egin dio orain arte igeldotarren eskaerari. Igeldok herri burujabe izan nahi luke, Donostiako Udalak ez dio jaregin nahi, baina gero ez da gai beharrezkoa den espaloia egiteko.

Zerain, Bedaio, Igeldo,Aiete… konplexurik gabeko bizitza proiektuaren bidean, erakunde ekonomiko eta politikoen zepoarekin estropezu egin duten herrien hiru lagin.

Elixabete Garmendia Lasa

Berria

Deja un comentario