Eskola-Gurutziaga abesbatzak 25 urte bete ditu

Urteurrena ospatzeko, argazki erakusketa antolatu dute Aieteko Kultur Etxean, eta kontzertu bat ere egitea aurreikusi dute. Bitartean, entseguetara itzuli ahal izateko toki bila dabiltza.

Erakusketan osatzen duten hainbat argazki. Horien bitartez, abesbatzaren ibilbidea errepasatu dute. (Argazkia: Eskola-Gurutziaga)

1995. urtearen aurretik, Eskola Cantorum —Koruko Ama Birjinaren Eskolari lotua— eta Gurutziaga —Aieteko elizari lotua— bi abesbatza ziren. “Oso dinamika eta historia desberdina zuten”, azaldu du Xabier Mendizabal Eskola-Gurutziaga abesbatzako lehendakariak. Urte horretan, Gurutziagak arazo bat izan zuen: zuzendariak abesbatza utzi zuen. “Umezurtz geratu ziren. Ondorioz, Juanjo Ocon [Juan Jose Ocon] orkestra zuzendari donostiarrari koruko zuzendari izatea proposatu zioten”, jarraitu du. Gurutziagak kide gutxi zituela ikusirik, Oconi bi abesbatzak batzea bururatu zitzaion. “Hasiera batean, esperimentu bat izan zen, baina, apurka, sendotzen joan zen”, azpimarratu du Mendizabalek. Hala sortu zen Eskola-Gurutziaga abesbatza, aurten 25 urte bete dituena.

Egun, 70 eta 50 urte bitarteko 45 emakume-gizonek osatzen dute abesbatza, askotariko lanetan ibiltzen direnak edo ibili direnak. “Abesbatzak nukleo egonkor bat du; Eskolatik eta Gurutziagatik zetozen hainbat kidek osatzen dute. Noski, izan dira alde egin dutenak eta iritsi diren berriak ere. Baina nukleo egonkor hori izateak nortasuna ematen dio eta errepertorioaren kontsolidazioan lagundu du, nahiz eta orain hura berritzeko prozesuan ginen”, nabarmendu du Mendizabalek.

(Argazkia: Eskola-Gurutziaga)

Bestalde, elkarbizitzan oinarritutako filosofia garrantzitsua da Eskola-Gurutziagarentzat: “Abesbatzetan joera bat izan ohi da: batzuk elitea direla sentitzea. Oconek, horretan ere, ezker esku handia izan zuen. Izan ere, beti azpimarratzen zuen denok abestu behar dugula, eta emaitza denon artean lortzen dugula. Ondorioz, banan-banakako figura horiek bigarren maila batean geratu dira”.

Oconek 2017an utzi zuen abesbatza, Coruñako Udal Orkestra zuzentzeko. Geroztik, Jose Javier Etxeberria da abesbatzako zuzendaria. “Aurten, aipatutako errepertorioa aldatzeko lanean ari ginen. Eta ondoren pandemia iritsi zen”, kontatu du Etxeberriak. Geroztik, ezin izan dute entseguetara itzuli, ez baita hain erraza hainbeste pertsona sartzeko toki bat bilatzea edo horretarako baimenak lortzea. “Oraindik ere apur bat atzeratzea pentsatu dugu toki bat bilatu eta hobeto entseatzeko aukera izateko. Entsegu horiek nola antolatu ere ikusi behar dugu”, aipatu du Etxeberriak. Edozein kasutan, argi du: “Errepertorioa ezin du norberak bere etxean entseatu, besterik gabe. Denok batera abesteko aukera ere izan behar dugu egonkortu dadin”, kontatu du.

Santa Ageda bezperan Parte Zaharretik abesten. (Argazkia: Eskola-Gurutziaga)

Urteurreneko egitaraua

Berriz ere elkarrekin abesteko aukera izan ez badute ere, urteurrena ospatzeko lehen egitasmoa abian da: erakusketa bat antolatu dute Aiete Kultur Etxean, abesbatzaren ibilbidea jasotzen duten 40 argazkirekin. Irailaren 16ra arte egongo da ikusgai.

Horrez gain, urteurreneko kontzertua ere egingo dute, nahiz eta koronabirusagatik atzeratu behar izan duten. “Data oraindik zehazteko dago, eta egoera berrira egokituko dugu”, kontatu du Etxeberriak. “Ideia da hiru edo lau zuzendari kontzertuan izatea, bakoitza bere istorio eta errepertorioarekin. Eta koruko dinamikan garrantzitsua izan direnak ere gonbidatu nahi ditugu, baita Donostiako hainbat eragile ere, besteak beste, Udal Txistularien taldea, Eskola Dantza taldeko kideak eta abar”, kontatu du. “Dena den, hori egiteko, egoera nola dagoen ikusi beharko dugu”, gehitu du Etxeberriak.

Aldiz, egitarauko beste hainbat puntu bertan behera utzi dituzte pandemiagatik: “Musika Hamabostaldian kontzertua hitzartuta genuen, baina ezin izan genuen egin, Usurbilen zelako eta korua txikia baitzen”. Galiziara ere joatekoak ziren kontzertu bat egitera. “Oso bidaiariak gara, eta izan gara 25 urtean. Bidaia asko denon oroimenean geratu dira, Avilara egin genuena esaterako. Aurten, Juanjo Ocon Galizian lanean ari zenez, pentsatu genuen aukera ona zela urtero egiten dugun irteera Galiziara egiteko, baina ezin izan dugu”, esan du Mendizabalek. Era berean, gabonetan egin ohi duten kontzerturako, 25. urteurrena ospatzen duen gertuko beste abesbatza batekin elkartzekoak ziren, ekitaldi berezia egiteko.

Edozein kasutan, denok berriz ere elkarrekin abesteko gogoa nabari zaie. Eta ez bakarrik aretoetan. Kalean ere. Izan ere, Santa Agedan, Aste Nagusian eta abarretan ere abestu ohi dute. “Gure estiloko abesbatzentzat, aretoez gain, kalea ere garrantzitsua da. Ahalegina egin behar dugu nolabait ere kultura kaleetan izateko”, azpimarratu du Mendizabalek.

Eskola-Gurutziagako kideek Udal Txistularien urte berriko kontzertuan parte hartzen dute. (Argazkia: Eskola-Gurutziaga)

2020/09/11

Maite Reizabal

Deja un comentario