Lantxabe auzo elkartea kexu da Borroto kaleko zabor edukiontzien kokapena dela eta

Borroto kaleko edukiontziak. (Argazkia: Lantxabe)

Borroto kaleko zabor edukiontziak Etxadi kiroldegiaren ataritik kale bereko 20. zenbakiaren atarira mugitu zituzten, eta bizilagunak kexu dira, gehiegizko zarata dela eta. Donostian edukiontziak etxeetatik ahalik eta urrutien mantentzen saiatzen direla adierazi dute, baina Borroto kalearen kasuan etxebizitzetatik metro gutxira daudela gehitu dute.

Zabor kamioiek edukiontziak husten dituztenean zarata gehiegi egiten dutela diote, eta fatxadatik oso gertu igarotzen direla gehitu dute. Gehiegizko zarataz gain, edukiontzien kokapena aldatzeak trafikoa oztopatzea eragin duela adierazi dute.

Hasiera batean zabor organikoaren eta beiraren edukiontziak Etxadi kiroldegiaren atarian zeuden, baina horiek ere mugitu egin zituzten 20. zenbakiaren parera, igerilekuetan lanak egiten ari baitziren. Horrez gain, bizilagunek salatu dute zabor biltzaileen maiztasuna urria dela, eta askotan edukiontziek gainezka egiten dutela.

Arazo hauek ikusita, Borroto kaleko bizilagunek edukiontziak lehen zeuden lekura mugitzea eskatzen dute, Etxadi kiroldegiaren atarira hain zuzen ere. Aldaketa hau lortzeko, bizilagunen sinadurak jaso zituzten eta edukiontziak mugitzeko eskaera egin zuten apirilean, baina udalak ezezkoa eman zien, kokaleku zaharra erabiltzaile batzuentzat “urrutiegi” geratzen zela argudiatuta.

Bizilagunek pandemia dagoen bitartean itxaron egingo dute, eta egoera guztiz normalizatzean edukiontziak lekuz aldatzeko borroka berriz hartuko dute.

2020/08/04

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada

Deja un comentario