Aieteko bidegorriko zati bat estuegia dela salatu du auzo elkarteak

bidegorri aieteAieteko bidegorria estuegia da zati batean, eta txirrindulariek ezin dute hortik pasa.
(Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Ekainaren hasieran amaitu zuten Aieteko bidegorri berriaren lehenengo zatia, eta Lantxabe auzo elkartea pozik agertu zen emaitzarekin, nahiz eta hainbat iradokizun ere egin zituen. Beste eskaera bat egin du oraingoan auzo elkarteak, izan ere, salatu dute Aiete pasealekuko zati batean, Jolastokitik Aieteko Jauregiaren sarreraino doanean, bidegorria estuegia dela.

Hain zuzen, azaldu dute txirrindulariek ezin dutela bidegorriaren zati hori behar bezala erabili, horren estua izanda, alboko sastrakekin topo egiten dutelako. Ondorioz, ia espaloitik sartuta joan behar dute, eta oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza zailagoa da zati horretan. Horregatik, Borroto kaleko edukiontziekin egin zuen moduan, udalari euren eskariak entzuteko eskatu diote. Halaber azpimarratu dute bidegorriak txirrindularien eta oinezkoen arteko elkarbizitza asko hobetu duela beste zati batzuetan.

2020/08/12

Beñat Parra

Deja un comentario