Erizainen Nazioarteko Eguna; ospatzeko gutxi, hobetzeko asko

Maiatzaren 12a Erizainen eguna da, eta aurten inoiz baino gehiago nabari dugu lanbide honen garrantzia.

1820ko maiatzaren 12an jaio zen Florence Nightingale; bere izena ezaguna egiten ez bazaizu, jakin erizaintzaren oinarriak ezarri zituela. Duela 200 urte jaio zen, eta oraindik ere, bere teoriek bizitzak salbatzen dituzte. Nightingale Krimeako Gerratean izan zen erizain (garaiko lehen emakumea izan zen lanbide horretan soldaduak zaintzen) eta garbiketa zein higiene oinarri zorrotzak zehaztu zituen, aurretik sekula hartu gabekoak. Besteak beste, egunotan horrenbeste aldiz errepikatu diguten eskuak garbitzeko teknika hari zor diogu.

Aurten urte berezia da erizaintzarentzat, lanbide hau ezinbestekoa dugula frogatu baitu bizitzen ari garen pandemiak. Horregatik Osasunaren Nazioarteko Erakundeak Erizaintzaren eta Emagintzaren Urtea izendatu du 2020a.

Egunotan osasun arloko langile askoren erregua entzun dugu, txalo gutxiago eta baliabide gehiago eskatuz; osasun krisi honi aurre egin diote haien osasuna arriskuan ipiniz, ordutegi luzeak jasanez eta bakarrik hil direnei konpainia eginez. Normaltasuna berreskuratzeko lehen pausoak ematen hasi gara, baina ez dugu ahaztu behar osasun krisiak egunero gertatzen direla, eta kalitatezko osasun publikoa ezinbestekoa dugula guztion onerako. Hurrengo pausoa, kalitatezkoa eta unibertsala.

2020/05/12

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Deja un comentario