Elkar zaintzeak eta alaitzeak duen garrantzia

(La importancia del cuidado mutuo y la alegría)

Ondo pasatzeko, bete-beharretarako eta elkartasunari lotutako egitasmo ugari sortu dira Aieten. Damatxo animatzailea, Etxeko Lankideak eta zaintza sarea, besteak beste.

Hiru Damatxo plazako bizilagunak balkoietan txalotzen. (Argazkia: Maite Reizabal)

Herri abesti ezaguna COVID-19aren konfinamendu garaikoa izan balitz, “Donostiako Hiru Damatxon balkoitik balkoira jolasten” esango luke ziurrenik. Aieteko plaza honetan, larunbat arratsaldero, etxeko txikienek etxetik atera gabe bizilagunekin denbora partekatu eta ondo pasatzeko modu bat topatu dute. Bostetan, Damatxo animatzailea bere bakoira ateratzen da. Une horretan hasten da festa.

Damatxoren benetako izena Naiara Sampedro da (Loiola, 1984). “Orain Aietekoa naizela esan beharko dut , bestela hemengoek errieta egingo didate”, dio barrez. Duela urte asko herriz herri ipuin kontalari eta animatzaile ibili zen Hiru Damatxo plazako bizilagun hau. Konfinamendua hasita, mozorroak ateratzea eta etxeko txikienak entretenitzea otu zitzaion. “Etxeko helduak erosketak egitera, zaborra ateratzera edo txakurrak paseatzera ateratzen gara. Baina txikitxoenak benetako itxialdia ari dira jasaten egun hauetan”, dio. Goitizena, noski, plazak eman dio.

Ipuina kontatzen hasi bazen ere, bizilagunekin zerbait parte hartzaileagoa egitea adostu zuen hurrengorako. Geroztik, “ipuinak kontatu ordez, ikusi-makusira jolasten aritu gara, eta zenbait abesti euskaldun kantatzen. Modu horretan, euskara gutxi edo ezer ez dakiten auzotarrek ikasteko aukera dute”. Abestien zerrendan, besteak beste, Ixil-ixilik eta, nola ez, Donostiako hiru damatxo.

Damatxoren agertokia bere balkoia da. “Beheko solairuan bizi naiz, eta nire balkoia besteena baino apur bat kanporago dago. Horrek aukera ematen dit besteek ni ikusteko. Arazoa ahotsarekin dut”. Beste etxetako bizilagunek ere entzuteko ozen hitz egin behar du eta ahotsik gabe geratzen da. “Datorren larunbaterako, eguneroko txalo zaparrada ondoren, San Sebastian martxa jartzen duen bizilagunarekin hitz egingo dudala uste dut. Mikrofonoa duten bozgoragailu bat du, eta horrekin probatuko dugu”, aipatzen du.

Etxeko Lankide

Larunbatak eta Aste Santua ondo pasatzeko uneak izanik ere, astean zehar eskolak eta eskolako lanak izan dituzte bizilagun gazteenek. Batzuek gurasoen laguntza jasotzeko aukera dute, baina beste batzuek, tutore eta ikasleen babesaz gain, laguntza osagarria ere behar dute. “Esaterako, familia batzuetan, gurasoek ez dute hizkuntza menperatzen edo, beste batzuetan, etxetik kanpo lan egiten jarraitu behar dute, seme-alabei laguntzeko aukera izan gabe”, dio Itziar Redondok, Axular Lizeoko Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak.

Hain zuzen ere, Axularren ikasleei laguntzeko bidelagun rola bururatu zitzaien, eta ikasle ohiei eskaini zieten. Modu horretan, laguntza behar duten Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Batxilergora bitarteko ikasle guztiek laguntza jaso zezaten bermatu nahi zuten. Boluntarioak eta beharrak zituzten ikasleak identifikatzeko galdetegiak pasa zituzten. Lehenengoei, “ea zein gaitan eta zein adinekoekin uste zuten izango zirela lagungarrien” galdetu zieten, eta bigarrenei, “ea laguntza osagarria izateko beharra zuten eta zein gaitan”. Erantzuna oso positiboa izan zen: adin eta profil askotariko 25 ikasle ohik eman zuten izena parte hartzeko, eta egungo 20 ikaslek laguntza eskatu zuten. Eta eskolatik, denak ezagutzen dituztenez, esleipenak egin dituzte. “Guk zubi lana egin dugu”, dio Redondok.

Etxeko lankideei “astean ordubete edo bi eskaintzeko konpromisoa eskatu genien, telefonoz, whatsappez edo bideo-dei bitartez”, azaldu du Redondok. Dena den, balorazio tinkorik egitera ez da ausartzen oraindik: “Egitasmoaren inguruko emaitzarik ez daukagu oraindik. Egun batzuk barru galdetu beharko diegu nola joan den”. Dena den, baikorra da: “ondo joango dela aurreikusten dugu, batetik zein bestetik boluntarioa delako”.

Nagusiak zaintzea ere beharrezkoa da

(También es necesario cuidar a los mayores)

Bizilagun gazteei zuzendutako egitasmoak egonda ere, laguntza bereziki behar duten auzotarrak nagusiak eta arrisku taldea osatzen dutenak dira, egoera zaurgarrian daudelako. Askok beldurra dute etxetik ateratzeko, eta beste asko ezin dira atera eta ez dute lagundu diezaiekeen inor.

Hori dela eta, Donostiako gainontzeko auzo eta herrietan lehenago egin bezala, joan den astean hainbat bizilagunek Aieteko zaintza sarea jarri zuten abian. 20 eta 40 urte bitarteko hamabost bat auzotarrek osatzen dute une honetan. “Oraindik ez diogu inori eskaini zerbitzua eta laguntza eskatzeko ia ez dugu deirik jaso”, adierazi dute sarekoek. Adineko pertsona batek Bizum aplikazioa telefonoan instalatzeko eskaera egin ziela kontatu dute, baina kasu bakarra izan da.

Sarea martxan jarri aurretik, auzoko zenbait saltokitako jabeekin aritu ziren hizketan “beraiek egitasmo honen inguruko informazioa izateko eta honetan nor ari ginen jakiteko. Azken batean, hau zabaltzen lagundu eta kasuren bat ere detektatu dezakete”, azaldu dute. Zenbait kasutan, saltokiek ere etxerako zerbitzua eskaini dute. “Beraiek kasu horri ezin badiote erantzun, garrantzitsua da jakitea guk ere lagun diezaiekegula”, adierazi dute zaintza sarekoek.

Sortzen azkena izan bada ere, Aietekoak Donostiako beste auzoetako zaintza sareekin bat egin du, eta haien arteko koordinazioa hobetzeko egitasmoaren barruan dago. Udalarekin ere sarea sortu bezain laster jarri ziren harremanetan: “Baliabideak bidaliko dituztela esan digute eta horien zain gaude”, diote saretik.

2020 / 04 / 10 Maite Reizabal

Deja un comentario