Berrogeialdi galaktikoa

Cuarentena galáctica

Aste Santuko opor ez-opor hauetan lan bat bukatu beharrez ia ez dut munduaren berririk izan, ustekabean egongelan (erabiltzen duzue oraindik? ala saloian esan behar nuke?) erratza pasatu edo mahaia jarri bitartean edozein unetan telebistatik entzuten ditugun kopuru hunkigarri horietatik kanpo. Salbuespen gisa igande gauean Cuarto Milenio bat ikusi nuen.

Programa hartan etxealdia estralurtarren etorrera prestatzeko saioa izan litekeela aipatu zen bidenabar, baina nik teoria berbertatik erosi nuen, xehetasunak falta baditut ere. Euren birus berriei iskin egiten ikasteko ote? Lantokian tarteka eginarazten dizkiguten sute alarma saioen antzekoa ote? Ala Pentagonoak badu jada izaki horiekiko traturik? Zeren, bestela, nola aurreikusi leihoetan musika etengabe jartzea gogoko izango luketen?

Fermiren paradoxaren arabera, unibertsoan gutaz bizidun gehiago izatea egiantzekoa da, baina, zergatik ez ditugu aurkitzen? Emandako erantzunetatik zoologiko galaktikoa delakoa gustatu zait gehien: begira bide daude, gurekin lotzeko arriskuak neurtzen. Hawkingek esana da: Geure buruari begiratu besterik ez dugu jakiteko zibilizazio adimentsu batekin topo egitea ez dela ezinbestean goxoa izango.

Aurkitu ditudan ekimenetan onena, astronomo, fisikari eta astrobiologo talde batek 2019an abian jarri zuen galdeketa da, oraindik eskura dagoena (https://www.fromafar.world/opinion), estralurtarrak hartzeko planak eratu baino lehen jendearen iritziak biltzeko pentsatutakoa. Galdeketa britainiarra dela berehala asmatu dut, «Lurretik kanpoko adimendunen seinaleak topatuko bagenitu...» galderari honako erantzun hauek bakarrik eman ahal zaizkiolako: «ez litzaidake asko axolako», «albisteak jarraituko nituzke» edo «sare sozialetan arituko nintzateke gaiaren inguruan».

Ni neu, badaezpada, banoa Interneten begiratzera ea klingon ikasi dezakedan.

2020ko apirilak 15

Blanca Urgell

Deja un comentario