Umezurtz gelditu dira Donostiako bolatokiak

Martxoaren 7an hil zen Pedro Lazkano Arrieta (Altza, 1948), 71 urte zituela. Gipuzkoako Bolo eta Toka Federazioko presidentea zen, eta bere heriotza kolpe gogora izan da Aiete eta Altzako bizilagunentzat.

Pedro Lazkano, Xabier Lazkano semearekin, Ategorrietako bolategian, 2011n. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Boloekiko zaletasuna txikitatik zetorkion Pedro Lazkanori. Garbera inguruko Otxoki baserrian jaio zen, eta Patxi aitarekin hasi zen bola jokoan, haurra zela. Ategorrietako bolatokira joaten ziren, eta aspaldian Miramonen bizi zen arren, oraindik ere Ategorrietako klubeko kidea izaten jarraitzen zuen. Lazkanok berak zeraman Ategorrietako bolatokiaren zaintza, Aietekoa eta Usurbilgoarekin batera. Erretiratu arte, Otis-Zardoya igogailu enpresan egin zuen lan, Herreran, eta Gipuzkoako bolo jolasaren sustatzaile nagusietako bat izan zen.

Lazkano, Aieteko Jolastokin, bolo txapelketa batean. Bere eskuinean, Marian Matxain, Manuel Matxainen alaba, eta bere ezkerrean, Lazkanoren semea. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Aieteko bolatokiaren zaindaria

Altzan jaio bazen ere, Aieten lan handia egin zuen, boloen inguruan, baina baita auzoko beste hainbat jardueren sustapenean ere. Lantxabe auzo elkarteak pena handiz jaso du Lazkanoren heriotzaren berria, eta baieztatu dute «inguruan zituen pertsona guztien konfiantzazko factotuma» zela.

Hain zuzen, Aieteko bolatokia berreskuratu zuten 2016an, Manuel Matxain bolo zale eta bertsolaria jaio zenetik ehun urte bete zirenean; Lazkanok hartu zuen lekua atontzeko ardura, eta berak zaindu du orain arte, ilusioz. Lantxabekoek samurtasunez gogoratu dute Lazkanoren izaera: «Pertsona maitea eta langilea zen; zerbait behar genuen guztietan egoten zen laguntzeko prest, eta jarrera positiboz laguntzen zuen Katxolako sagar-prentsaketa lanetan. Irribarretsua, optimista eta dinamizatzailea zen».

Xabier Lazkano, Aieteko bolatokian bolotan jolasten. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Berreskuratu aurretik, 30 urte inguruan utzia egon zen Aieteko bolatokia. Honela azaldu zuen Lazkano berak, Irutxuloko Hitzan egindako elkarrizketa batean: «Manuel Matxain plazaren ondoko baserri batekoa zen, eta haren ideia izan zen 1967an bolatokia jartzea, Txertubiren omenez. Matxain ondoezik jarri zenetik geldik egon zen». Beraz, Matxainen jaiotzaren mendeurrenaren harira, bolatokia berreskuratzea pentsatu zuen Lantxabe auzo elkarteak, eta bolo federazioarekin harremanetan jarri ondoren, Lazkanok hartu zuen ardura. Orain, bi tiraldi egiten dituzte urtean: bata Matxain omentzeko, eta bestea, auzoko jaietan.

Lantxabekoek kontatu dute Lazkano bolatokiaren «zaintzaile fina» zela, eta beti «zilarra bezain garbi» mantentzen zuela. Aieteko bolatokia da Donostian estali gabe dagoen bakarra, eta Lazkanok adierazitakoaren arabera, zaintza lan handiagoa eskatzen du horrek.

Lazkano Loli Loinaz Dendategirekin zegoen ezkonduta, eta alaba bat eta hiru seme zituen, baita bost biloba ere; horiei ere boloekiko zaletasuna transmititzen saiatu zen. Hain zuzen, lan handia egin zuen boloen kultura zabaltzeko, baina, hala ere, Lazkano ez zen oso baikorra boloen etorkizunaren inguruan. Honakoa adierazi zuen 2017an: « Ni hasi nintzenean, nire aita zenarekin, 200 lagunek tiratzen genuen. Orain 80 bat ibiltzen gara. Zaharrak joan dira, eta gazteak kostata hurbiltzen dira».

Donostiako bolatokiekin zuen lotura estuena, baina Gipuzkoako federazioarekin zuen konpromisoak bultzatuta, lurraldeko beste herri askotara ere joaten zen. Lazkanok pozik esandakoaren arabera, Goierriko hainbat herritan boloekiko zaletasuna berpizten ari da. Umeengan zuen itxaropena Altzakoak.

Arrastoa Altzan

Altzan ere hunkituta jaso dute albistea, eta Herrera kirol elkarteak eta Euskal Giroa elkarteak testu bat argitaratu dute Estibaus.info webgunean. Idatzian Lazkanok transmisioaren alde egindako lana nabarmendu dute, eta azpimarratu dute «bere sinpletasunarekin» berdintasunaren alde zuen jarrera: «Bere sinpletasunarekin, bere egiten jakitearekin, Herrerako gaztetxoen edozein tirada aldrebesa txalotzeko ironia fin horrekin, bere pazientziarekin, teknika egokia erakusten zigularik, hain zaila den eskumuturreko biraketa horrekin, une baxuetan gu, emakume bolariok animatzen gintuen».

Lantxabeko Felix Perezek bat egin du Lazkanok errelebo faltaren inguruan zuen kezkarekin, eta aitortu du hilberriaren erreleboa topatzea «lan zaila» izango dela. Hain zuzen, duela bi aste, omenaldi bat egin zioten Herrerako bolatokian. 70 pertsona inguru batu ziren han, boloetan jolastu eta pintxoak jateko.

Bi auzoetan onartu dute Lazkanoren heriotzak utziko duen zuloa. Altzakoek, esaterako, esan dute orain «pixka bat bakartuago» daudela, eta Aietekoek, aldiz, aitortu dute bolaria «ezinbesteko pertsona, eta ordezkaezina» zela

2020 / 03 / 13

Irati Salsamendi

Deja un comentario