Isolamenduaren ikasgaia

Axular Lizeoko Naroa Zarraonandia DBH3ko ikaslea (erdian), Amaia Bacaicoa DBH3ko ikaslea (ezkerrean), June Galan DBH3ko ikaslea (goian, eskuinean) eta Itxaso Mallabiabarrena gaztelerako irakaslea (behean, eskuinean).

Etzakit taldeak ospetsu egindako “Urrun zaude eta gertu sentitzen zaitut nik…” abestiak dioena da Axular Lizeoak ikasleei transmititu nahi izan dien sentsazioa. Kasu honetan, Axular News-eko kide diren Naroa Zarraonandia, Irati Lertxundi, Amaia Bacaicoa eta June Galanekin hitz egin dugu etxetik nola lan egiten duten erakusteko. Axular News ikastolako komunikazio-taldeko partaide hauek, proiektuan egiten duten bezala, kazetari birtual bihurtu dira honako hau esateko:

Koronabirusak sortutako egoera berri hau aurrekaririk gabeko erronka bat izan da denontzat. Astebete baino gutxiagoan ikastolak bere burua antolatu behar izan du, eta baliozko erantzun bat eskaini. Gure ustez, emandako erantzuna positiboa izan da, gure egunerokoarekin jarraitzeko beharrezko bitartekoak jarri dizkigutelako Internet bitartez.

Gaur egun, badira Internet bidez bakarrik lan egiten duten unibertsitateak, hori ez da berritzailea, baina gurea, denbora errekorrean egindako aldaketa izan da.

Koronaneurri berria

Ikasleok ere gure aldetik asko jarri dugu eta jartzen jarraituko dugu. Ordutegia etxetik mantendu, proposatutako ariketak egin, irakasleekin komunikatu… Klase birtualen bitartez irakasleekin harremana izaten jarraitzea gustatuko litzaiguke, bideokonferentzia da orain arte klaseak jasotzeko gehien gustatzen zaigun metodoa eta ezinbestekoa dela uste dugu azalpenak behar bezala jasotzeko.

Pandemiaren balkoitik

Kosta egiten zaigu mundu errealarekin komunikatuta gaudela sentitzea, Internet izan arren etxean hainbeste denbora egotea eta perspektiba ez galtzea zaila delako. Oro har, gure sentsazioa da kosta egiten zaigula zereginetatik deskonektatzea; horregatik, ezinbestekoa da etxeko konpainia. Denbora eta jarduerak partekatzea eta etxean espazioak sortzea, guri gustatzen zaizkigun gauzak egiteko, hori da gakoa.

Agintariek diotenez, egoera hau luze joango da, horregatik positiboa litzateke ikasle guztien artean sare bat sortzea. Elkarlana, orain inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da. Irakatsi nahi izan dizkiguten balio horiek guztiak praktikan jartzea dagokigu, eta pauso bat harago ematea: elkarlanetik lankidetzara. Garrantzitsua da denok nukleo gisa funtzionatzea, aurrera egin ahal izateko.

2020 / 03 / 27

Deja un comentario