Balkoiak, beldurra eta Instagram

Manex Mujika

Ez naiz ni katarsi kolektiboen oso zalea eta horregatik kostatzen zait, manifestazio edo festa handietara joatea kostatzen zaidan bezala, gure etxeko balkoi txikira ateratzea iluntzeko zortzietan.

Ulertzen dut, noski, gauero ordu berean leihora atera eta txaloka aritzen den jendea; konpartitzen dut denek hori eta gehiago merezi dutela, eta ulertzen dut, etxean ezer egin gabe gaudenok, etsaiaren kontrako borrokan lehen lerroan daudenak omentzeko eta eskertzeko daukagun beharra.

Eta ulertzen dut batez ere, «kakalarriak jota» gaudela. Eta beldurtuta gaudenean, elkarrekin beldurtu nahi izatea guztiz naturala dela, eta egunean bost minutuz indartsuago sentitu eta pixka bat hunkitzea behar beharrezkoa dela hobeto lo egiteko.

Baina asko haserretzen nau pentsatzeak, balkoietako lehenengo ilaran dauden horietako batzuk direla, ogi berdinaren bila egunean bitan jaisten direnak okindegira, eta marrubizko jogurtak nahita ahazten dituztenak supermerkaturako lehenengo bueltan, eta…

Bai, amorrua ematen didate beherakoa duten zakurren ondoan txalo jotzen duten horiek.

Eta ulertu, ulertzen dut, beldur naizelako ez ote diren batzuen balkoiak krisi honetako Instagram-eko kontu bihurtu, eta bizitzea tokatzen ari zaigun story honetan ez ote zaien zazpietan dantzari, bederatzietan errepublikazale eta zortzietan solidario izatea tokatzen.

Zaindu eta animo.

2020 / 03 / 27

Deja un comentario