Bañistak taldeak jarriko ditu aurtengo inauteriko mantalak, 3txulo txarangarekin

(Argazkia: Nerea Lizarralde)

Urteroko legez, larunbatean 3txulo txaranga hiriko kaleetan zehar ibiliko da Tolosako inauterietako giroa Donostiara ekartzeko gogoz. Aurten ere, txarangakoek hiriko eragile bat omentzea erabaki dute, eta, honakoan, urtez urte alboan izan dituzten Bañistak taldeko kideei egokitu diete pregoia egiteko ardura. Haiek izango dira, hortaz, inauteriko mantalak Sarriegi plazako danborrariari eta Abuztuak 31 kaleko emakume berreraikitzaileari jarriko dizkietenak.

Mantalak jartzeko egitasmoa iaz asmatu zuten 3txulokoek, eta lehen aldi horretarako, IRUTXULOKO HITZAri egin zioten gonbita. Hedabideak, nola ez, gustuz onartu zuen proposamena.

Aurten, berriz, inauteriekin lotura zuzena duen beste eragile bat omenduko du txarangak. Bañistak taldeak ez du sekulan huts egin bere urteroko zitarekin, eta inauteriak iristerakoan, bere kideek 3txuloren piezak alaitasunez dantzatzen eta kantatzen dituzte, Belle Epoque-eko bainujantziak jarrita.

Larunbat goizean, hortaz, egun berezia izango da inauteriak barne-barnenan daramatzaten lagun hauentzat. Festa 12:00etan abiatuko dute, Sarriegi plazatik, eta jai giroa Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetatik kutsatzen pasako dute eguna hortik aurrera.

Iñaki Agirre

Deja un comentario