Urte Berri On!; Manex Mujika Amunarriz

Urtearen bukaera bakoitzak badauka, hala nahi gabe ere, helmuga bat pasa eta etapa berri bat hastearen itxura. Eta urtearen hasiera bakoitzak badakar, Gabonetako programa bereziek aldatu ala hiltzearen artean hiltzea erabaki duten arren, nork bere burua hobetzeko horrelako behar bat.

Horregatik pentsatu nuen urtarrilaren bian, ordenagailuaren zuriaren aurrean, idatz nezakeela benetan; jarri nitzakeela moldezko hitzetan gutako bakoitzaren ahotan errepikatzen diren gai horiek, erantzunik gabe gelditzen diren galderak, irtenbiderik gabeko zalantzak, edo, zergatik ez, baita esatera eta pentsatzera ausartzen ez garen horiek ere.

Eta horrela hasi nintzen idazten, ez dela egia mundutarrok bi planeta eta erdi behar ditugula bizitzeko planetaren lau bostena laurdenarekin bizi bada, eta hiritarron erdiak bazterrera uzten duen jendarte batek ez duela etorkizunik, eta bizitzen jarraitu nahi badugu okerrago bizitzen hasi behar dugula, eta…

Baina kontua da, urtarrilaren batean, neure buruari agindu niola oporretan berrogeita hamar azterketa zuzenduko nituela, baina ez ditudala motxilatik atera, eta nire gorputzari egunero ordu erdiko ibilalditxo bat eskaini niola baina Netflix-eko serie guztiak ikusi ditudala sofatik altxa gabe, eta, azkenean, abenduaren 30ean prestatu nuen porrusalda usteldu egin zaidala hozkailuaren izkin batean.

Eta horregatik nago, urtarrilaren seian, honetan guztian pentsatzen… eskerrak Donostian, urte berria San Sebastian biharamunean hasten den.

Urte berri on!

Deja un comentario