Aiete ez da lo-auzo bat

Bi hamarkada dira Aieteko Katxola baserria harriz harri lekualdatu zutenetik. Egun, Miramongo basoa eta inguruak zelatatzen ditu Paradisu kaleko tontorretik. Baserria, auzoko beste hainbat gune bezala, auzotarren aisialdiko jarduera ugariren testigu ere bada. Zenbait bizilagun lanean ari dira, harriak pilatzen, auzoaren bizitzaren zimenduak sendo mantentzeko.

2019/10/11; Irati Salsamendi

Aieteko Katxola baserria. (Argazkia: Joseba Parron)

Bi hamarkada dira Aieteko Katxola baserria harriz harri lekualdatu zutenetik. Zenbait bizilagun lanean ari dira, harriak pilatzen, auzoaren bizitzaren zimenduak sendo mantentzeko.

Gutxi ezagutzen diren harribitxi ugari hartzen dituzte Aieteko lurrek, besteak beste, Arbide dorreak, Miramongo basoa, Aieteko parkea eta zutik bizirauten duten hainbat baserri. Horietako bat da Katxola baserria. Aurten hogei urte bete dira Katxola lekualdatu zutenetik, eta Lantxabe auzo elkarteak, udal teknikarien laguntzaz, prozesuaren lehen urteen kronologia bildu du bere webgunean. 1999ko otsailaren 26an baimendu zuen Donostiako Udalak baserriaren lekualdatzea, Oriamendi pasealekutik Paradisu kalera, jatorrizko lekutik 200 bat metrora, hain zuzen. Errepidearen ertzean zegoen kokatuta eraikina, eta ez zegoen bazterbidea eraikitzeko lekurik; berrurbanizazio plan batzuk martxan zeudenez, aldaketak egitea beharrezkoa ikusi zuten.

Hala ere, eraikinaren kontserbaziorako lehen urrats garrantzitsua 1996an izan zen: Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, eta monumentu kategoria eman; horrela, hura zaintzeko babes arauak ezarri zituen.

Katxola zen, Igartubeiti baserri museoarekin batera, Gipuzkoan osorik irauten zuen dolare-baserri bakarrenetako bat. Esan bezala, XVII. mendearen bigarren erdian eraiki zuten, eta baserri-lanetan aritzeaz gain, sagardoa ere ekoizten zuten etxekoek. Noizean behin, hiriko merkatura jaisten ziren ekoitzitako edaria saltzera. 1917. urtera arte, Katxolak baserri gisa funtzionatzen jarraitu zuen, baina urte horretan, jabetza Serapio Erdoziak eskuratu zuen. Orduan, baserria sagardotegi bilakatu zuen, auzoko Munto eta Oriamendi sagardotegiak bezala. Erdoziaren emaztea, Micaela Salaberria, eta bere ahizpak arduratzen ziren kozinatzeaz, eta gizonak, askotariko joko, apustu eta erakusketak antolatzen zituen. 36ko gerrak eta Erdoziaren heriotzak (1940an hil zen), sagardotegia ixtera behartu zuen familia.

90eko hamarkadan, baserria monumentu gisa aitortzeko eskaera gauzatu zuten Lucia Erdoziaren ekimenez (eta Kutxaren oniritziarekin). Erdozia Katxola baserrian jaio zen, eta berak auzotarren mila sinadura baino gehiago bildu zituen, baserria babesteko. 1999eko azaroaren 29an lekualdatzea hasi zuten, eta 2000ko abenduan amaitu zuten. Jose Gorritxo eta Jesus Muñoz Baroja arkitektoak izan ziren lekualdatzearen arduradunak, Javier Arrutik gidatutako Trati S.L. enpresaren laguntza teknikoarekin. Muñoz Barojak, aurretik, beste bi birmoldaketa ezagun egin zituen: Zumarragako Antioko ermita eta egungo Donostiako Euskal Itsas Museoa. Arkitektoak Madrilen ikasi zuen Arkitektura, eta ondoren, Erroman, zaharberritzean espezializatu zen.

Lekualdatze prozesuak urtebete inguru iraun zuen, eta lehenik, mugitu behar zituzten materialak eta gauzak aukeratu zituzten; ondoren, prospekzio arkeologikoa egin zuten. Gero, lurreko taulak eta paretak kendu zituzten, eta dolarea deslotu zuten. Balio ez zuen guztia baztertu zuten, eta ateburuetako eta leihoburuetako harriak zenbakitu zituzten; baita zutabeak eta egurrezko habeak ere. Baserriaren eskeletoa besterik ez zen gelditu. Zaharberritze prozesuan zurezko bilbaduretan espezializatutako arotz talde bat aritu zen lanean. Eraikin berriaren eraikuntzan zimenduak jarri zituzten, baita jatorrizko baserriak ez zeukan soto bat eraiki ere.

2001eko apirilaren 10ean lehen erabilera baimena tramitatu zuen udalak, eta 2002ko azaroan Lantxabe auzo elkarteari utzi zion Katxolaren erabilera. Kutxak zuen baserriarekiko eskumena, eta proiektua amaitu gabe utzi zuen; Lantxabek ezarri zituen ur-hargunea eta instalazio elektrikoa, udal teknikarien eta San Telmo Museoaren laguntzarekin. Lantxaberen erabileraren lehen urtean Agenda XXI egitasmoaren erakusketa bat jarri zuten, eta 2003ko iraileko jaietan, 1900 eta 1980 urteen arteko Aieteko argazkiak jarri zituzten ikusgai baserrian. Sotoan, aldiz, Miramongo parke etnografikoaren proiektuaren marrazkiak jarri zituzten.

Katxola baserria, bere jatorrizko kokalekuan. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Auzotarrei irekia

Katxola baserria hiru mendez izan da Aieteko biztanleen joan etorrien testigu, eta denbora horretan, asko aldatu da auzokoen bizimodua. Oso lur zabalak dira Aietekoak, eta, ziurrenik, Donostiako auzo zabalenetako bat izango da. Horren ondorioz, bizilagunak biltzeko gune nagusi bat nekez topa daiteke, baina, hala ere, gero eta bizitza gehiago du auzoak. Pedro Berriotxoa idazleak Aiete: caserios, casas y familias liburua idatzi zuenean esandakoaren arabera, bertako askok faltan botatzen dute garai bateko Aiete. «Batez ere, komunitatearen faltagatik. Lehen, dena auzolanean egiten zen», argudiatu zuen.

Aieteko antolaketa fisikoak eta ezaugarri sozialek asko laguntzen ez badute ere, bada auzoa bizirik mantendu nahi duenik. Horretan eman dituzte hainbat urte Lantxabe auzo elkarteko kideek. Lantxaberen ekimenez antolatutako jarduerek betetzen dituzte Katxolako paretak, eta gehienek kulturarekin eta ondarearekin dute zerikusia. Besteak beste, Katxolan antolatzen dituzte, literatura eta zinema zikloak, Euskal Herriko kultura materialari buruzko eta Aieteko historiari buruzko erakusketak, konferentziak, hiriko antzerki taldeen antzezlanak, kontzertuak, irakurketa dramatizatuak, festak eta bertso saioak.

Baina, sagardoa eta sagardogintza dira Katxolako seme-alaba kuttunak. Felix Perezek, Lantxabe auzo elkarteko kideak, azaldu du nola 2007-2008 urteetan, auzoko Munto baserriaren eraistearen aurretik, Urrestarazu familiak baserriko dolare osoa utzi zion Katxola baserriari. Gainera, sagardoaren ekoizpenerako erabiltzen ziren hainbat elementu ere Katxolan daude ikusgai. Horrela, egun, Muntoko dolareak aktibo jarraitzen du auzoko beste baserri batean.

Axular Gero dantza taldeko dantzariak, Katxolako erromerian. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Hain zuzen, Katxolan sagardoaren ekoizpenaren prozesu osoa egiten du Lantxabek. Irailean, sagar bilketa antolatzen dute Ekoguneko Zabalegi sagastian. Goiz batean, auzotar ugari biltzen dira han, sagarrak biltzeko, eta ondoren, Katxolara eramateko. Eguna, hamaiketako eder batekin amaitu ohi dute. Urrian, sagarren prentsaketa egiten dute, eta denboraldiko lehen muztioa ekoizten dute. Martxoan heltzen diote berriro prozesuari, eta artisau sagardoaren lehen txotxa egiten dute. Azkenik, udaberrian eta auzoko jaietan kortxo ateratzea egiten dute.

Perezek Katxolaren ondarearen transmisioa egitearen garrantzia azpimarratu du, eta asmo horretan, auzoko eskolekin duten lotura azaldu du: «Auzoko eta beste toki batzuetako eskoletako ikasle ugari etortzen dira Katxola ezagutzera, baita sagardogintzarekin eta Gipuzkoako baserri tradizionalekin zerikusia duten gauzen berri izatera ere».

Lantxabek Aiete parkeko Topalekuan du bere bulegoa, baina Miramongo baso inguruaren garrantzia behin eta berriro nabarmendu dute auzo elkartekoek. Hori dela eta, Katxola inguruan dauden instalazioak erabiltzeko eta zaintzeko saiakera egiten du auzo elkarteak, hala nola, Miguel Gallastegi frontoia, Miramongo anfiteatroa, eta Miramongo basoa.

Euskararen hariari tiraka

Auzoko bizitza berpizteko asmoa dute, beraz, auzotar askok, eta horretarako hizkuntza nagusia euskara izatea nahi dute Aieteko Euskara Batzordekoek. Duela bospasei urte sortu zuten batzordea, Euskararen Eguna antolatzeko bilera baten ondorioz. «Bageraren elkartearen bitartez, udalak Euskararen Eguna antolatzeko deialdi bat egin zuen hiriko auzoetan, eta horren ondoren taldearekin jarraitzea erabaki genuen», azaldu du Manex Mujikak, Euskara Batzordeko kideak.

Bi hamarkada dira Aieteko Katxola baserria harriz harri lekualdatu zutenetik. Zenbait bizilagun lanean ari dira, harriak pilatzen, auzoaren bizitzaren zimenduak sendo mantentzeko.

Aieteko Euskara Batzordeko kideak, Jolastokin. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Bi helburu zehatz ditu batzordeak: alde batetik, auzoan euskaraz egiten dutenak elkartzeko bokazioa du; bestetik, auzoko elkarte eta eragileekin lotura egitea, denen artean lehen helburua lortzeko. «Hasieratik argi geneukan ezin genuela oso handinahiak izan, eta ez genuen jarri nahi euskararen erabilera handitzeko helburua. Beraz, euskaraz egiten dugunok elkartzeko espazioak sortzea izan zen gure lehen xedea», adierazi du Mujikak. Gutxika helburua lortzen ari direla uste du, eta urtean zehar antolatzen dituzten jardueren erreferentzialtasuna nabarmendu du.

Auzoko gainerako eragileekin duten harremanari buruz, Mujikak azaldu du ACD Aiete elkartearekin «oso harreman ona» eraikitzen ari direla. Lantxabe auzo elkartekoekin ere badute hartu-emana, «elkarren beharra» dutelako. «ACD Aiete elkarteak urte baxu batzuk pasa ditu, baina orain jende berria sartu da, eta gauzak egiteko gogoa zutenez, gosea eta jateko gogoa elkartu gara, gaztelaniaz esaten den bezala», adierazi du Euskara Batzordekoak. Gaineratu du batzordeak antolatzen dituen gauzak egin ahal izateko, baliabide eta logistika aldetik oso aukera «politak» eskaintzen dizkiela elkarteak.

Jolastoki da ACD Aiete elkartearen egoitza, eta elkartea eta aldagelez gain, areto-futbol eta bolo pistek osatzen dute. Gurugu eta Matxainene baserrien alboan dago, Aiete pasealekuaren eta Aiete parkearen alboan. Auzo zabala da Aiete, eta horregatik, Mujikak uste du zaila dela erdigune bakar bat egotea, hori dela eta, Jolastoki hartu dute kanpamentu nagusitzat. «Hiru Damatxo plaza, Etxadi parkea, eta Munto dira auzoko bizitza sozialaren beste erdiguneak, eta horietan jarduerak ere egin izan ditugu», baieztatu du Mujikak. Era berean, Katxola eta bere inguruko instalazioek (anfiteatroak eta frontoiak) eskaintzen dituzten aukerez kontziente dira, baina azaldu dute «lotura gutxi» dutela inguru horrekin. «Askotan pentsatu izan dugu jarduerak han antolatzea, baina oraindik ez daukagu nahikoa indar jendea guk nahi dugun tokira eramateko, eta horregatik, toki ikusgarrietan egitea lehenesten dugu», azaldu du Euskara Batzordekoak.

Umeentzat jolasak, Hiru Damatxo plazan. (Argazkia: Aieteko Euskara Batzordea)

Aieteren errealitatea aldatu egin da azken urteetan, eta seme-alaba txikiak dituzten familia gazte asko joan dira hara bizitzera: «Pagolan eraiki dituzten etxeetara joan dira horietako asko, eta Aiete ikastetxea ere handitzen ari da». Euskara Batzordea ere profil horretako kideek osatzen dute gehienbat, eta, hori dela eta, umeentzako jarduera ugari antolatzen dituzte. «Egia esan, horiek funtzionatzen dute hoberen», aitortu du Mujikak. Halaber, onartu du jende gaztea taldera erakartzeko saiakerak egin dituztela, baina arrakasta gutxirekin: «Agian, ondo legoke Aieten gaztetxe bat okupatzea [barrez]».

Urtean zehar antolatzen dituzten jarduerek, aldiz, gero eta arrakasta gehiago dutela baieztatu du: «Aurten konturatu gara jendea hasi dela guk antolatutako jardueretara propio etortzen, eta ez kasualitatez, albotik pasatzen zirelako». Alde batetik, Euskara Batzordeak urtero ohikoak bilakatu diren jarduerak antolatzen ditu, auzoan «errotze bidean daudenak»: ACD Aiete elkarteak antolatzen duen Santa Ageda bezperako kantaldiarekin bat egiten dute, ekainean San Joan bezperako sua antolatzen dute, irailean Aieteko festen antolakuntzan parte hartzen dute, eta abenduan, Euskararen Eguna prestatzeaz arduratzen dira.

Horrez gain, urtean zehar beste jarduera puntual batzuk ere antolatu izan dituzte, adibidez, Euskaraldiko kanpaina zabaldu zuten auzoan, eta hainbat ekitaldi egin zituzten. Gainera, bertso bazkariak, auzoko bertsolariei buruzko ibilaldi bat, Korrika Kulturala, eta abar ere egin dituzte. «Euskaraldian, scape room moduko bat antolatu genuen Aiete parkean, eta txundituta gelditu ginen parte hartu zuen pertsona kopuruarekin», azaldu du Mujikak.

Lehengoak eta oraingoak

San Joan bezperako sua, Jolastokin. (Argazkia: ACD Aiete)

Aieteko Euskara Batzordearentzat bezala, beste auzotar askoren topagunea izan da urtetan Jolastoki. ACD Aiete elkartearen sorrera, duela 50 bat urte kokatzen du Julen Barriuso bazkideak: «Axular Lizeoaren 50. urteurrena izan da aurten, eta elkartearena ere gertu ibiliko da». Garai haietan lursailaren jabetza Gurutzeaga elizari eman zitzaion, eta elizakoek auzoko gazteei eskaini zieten kontzesioa; orduan sortu zen ACD Aiete. «Beteranoek kontatzen dutenez, elkarteak kudeatzen zituen aldagelak, kantxa eta instalazioak. Kirol eta kultur jarduerak antolatzen zituzten, esaterako, auzoko jaiak», azaldu du Barriusok.

Eskubaloiak garrantzia handia izan du elkartean, eta duela hamarkada batzuk, maila onetan jokatzen zuten taldeak izan zituzten. ACD Aietek bultzatuta eskubaloiko estatuko txapelketa nagusi batzuk jokatu ziren Jolastokiko kantxan, eta hainbat taldek arrakasta itzela izan zuten. «Nesken taldea oso indartsua izan zen garai batean, eta hainbat txapelketa irabazi zituzten Espainiako Estatuan», gogoratu du elkartekoak.

SONY DSC

«Elkartearen helburua, izenak dioen bezala [Asociacion Deportiva Cultural Aiete], betidanik izan da kultura eta kirol jarduerak antolatzea, eta azken urteetan helburu hori berrartu dugu», kontatu du Barriusok. Duela urte batzuk, betiko bazkideak nekatu egin zirela azaldu du, eta elkarteak urte baxu batzuk izan zituen. Azken bospasei urteetan, aldiz, jende gaztea sartu da elkartean, eta elkartearen jarduna berreskuratzen ari dira gutxika: «Gutxi gara, baina modu xumean bada ere, denbora gutxian gauza asko egin ditugu». Elkartearen jarduna ez ezik, Jolastokik jatorritik izan duen topagune izaera ere berpizten ari dira. «Beteranoek kontatzen dute, elkarteak jaiak antolatzen zituenean nola zezenak ekartzen zituzten, kontzertuak egiten zituzten, karpa handi bat jartzen zuten, eta abar. Eta, hain zuzen, azken urteetan jaiei bultzada bat eman zaienetik, Jolastokik funtzio hori bete dezan nahi izan dugu», adierazi du elkartekoak.

Umeentzako ur-jolasak, Aieteko jaietan.

(Argazkia: Aieteko Euskara Batzordea

Horretarako, auzoko beste eragile batzuekin ere elkarlana hasi dute, besteak beste, aurretik aipatutako Lantxabe auzo elkartearekin eta Euskara Batzordearekin: «Euskara Batzordetik eta ACD Aietetik hausnarketa egin genuen: garai batean hau zen auzoko topaleku nagusia, orain ere hala izan beharko luke». Halaber, auzoko eskolekin lotura sortzeko helburua dute, eta Barriusok kontatu du Axular Lizeoko futbol taldearekin hitzarmen bat sinatu dutela: «Gure babesaren truke, haiek kirol jarduera bat antolatu behar dute gurean, eta jaietan arteto-futboleko txapelketa bat antolatu zuten».

Santa Ageda bezpera, Jolastokin. (Argazkia: Aieteko Euskara Batzordea)

Azken denboran sartu den jendeak elkartearen martxa astindu du, eta zimenduetan ere egin dute aldaketarik. Emakumeen parte hartzeari dagokionez, duela urte batzuk estatutuak aldatu zituzten, horrela, emakumeak bazkide egin ahal izateko. «Elkarteko batzordekoak saiatu gara buru-belarri emakumeak gurera erakartzen, baina ez dugu lortu oraindik emakume bazkiderik», azaldu du. Jaiei begira ere atentzio berezia jartzen dute, eta saiatzen dira emakumeen presentzia esparru guztietan bermatzen. «Poliki-poliki ari gara, baina etenik gabe», gaineratu du.

Aiete ez da Parte Zaharra edo Egia, baina auzotarrek ez dute lo gelditzeko asmorik. Aiete bizirik eta esna dago, eta askok horrela uste arren, ez da lo-auzo soil bat.

Un comentario en “Aiete ez da lo-auzo bat

Deja un comentario