Sagar bilketa egingo dute Zabalegi sagastian, Katxolan sagardoa egiteko

Aieteko auzotarrek egindako sagar bilketa. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

2019/09/19

Irutxuloko Hitza

Sagardo denboraldi berri bati ekiteko prest daude Aieten. Larunbatean hasiko dute prozesua, hain zuzen, bizilagunek sagar bilketa egingo dute larunbatean, irailaren 21ean. Lantxabe auzo elkarteak deituta, Ekoguneko Zabalegi sagastian elkartuko dira 11:30ean, eta urrian egingo duten Sagardo Eguneko sagar-prentsaketarako behar dituzten fruituak bilduko dituzte. “Etorri familiarekin, eskularruekin eta lan egiteko gogo askorekin”, luzatu dute gonbita auzo elkartekoek. Sagar bilketa egingo dute trikitilarien musikaz lagundurik, eta jasotako guztia Katxola baserrira eramango dute gero. Lana amaiturik, Lantxabe auzo elkarteak parte-hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko die.

Laugarren urtez egingo dute aurten sagar bilketa. Aurretik, Katxola baserrian sagardoa egiteko ohitura zuten auzotarrek, eta 2016an sagarra euren artean biltzeko ideia otu zitzaien ere. Egitasmoaren helburu nagusia bizilagunen elkar ezagutza eta auzoaren ohitura zaharrak eta nortasuna berreskuratzea dira, gazteei sagardoa sortzeko prozesua erakustearekin batera. Helburua lortzeko bide onean ari dira Aietekoak, izan ere, Lantxabeko kideek nabarmendu dute jarduerara gero eta jende gehiago animatzen dela.

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.