Miguel Gallastegi pilota eskola sortuko dute Aieten

Migel Gallastegi izena jarriko diote Aieten antolatzen diren pilota eskolari. Gallastegi esku huskako pilotari profesionala izan zen, eta Eibarren jaio bazen ere, Donostian eman zituen bere bizitzako urte asko. Hirian hil zen, bere etxean, urtarrilaren 4an. Aieten estimu handitan zeukaten zendutako pilotaria, eta horren erakusle da hil aurretik Katxola baserrian egin zioten omenaldia, baita Miramongo frontoiari bere izena jarri izana ere. Horren adibide da ere pilota eskolari bere izena jartzeko erabakia.

Lantxabe auzo elkarteak iragarri duenez, hiru proiektu nagusi dituzte esku artean: pilota eskola, bolo eskola eta eskola guztien arteko oinezko lasterketa bat. Era berean, bertso-pareak eta beste hainbat egitasmo antolatzen ari dira. Juan Oraa eta Felix Perezek Antiguako Pilotazaleen aldizkarian azaldu dutenez, datorren udazkenean jarri nahi dute martxan eskola, eta horretarako, udalarekin hitz egin dute, baita Aieteko eskola eta ikastolekin ere. Pilota eskolaren helburua izango da kirol horren inguruko nondik norakoak auzoko gazteenei transmititzea. “Ikastetxeak pozik daude proiektuarekin, egungo futbolaren monopolioa gainditu nahi dutelako”, kontatu dute Aietekoek. Halaber, nabarmendu dute emakume pilotarien gorakada, eta txanpa horri eusteko garrantzia.

2019/07/03

Irati Salsamendi

Deja un comentario