Bihar, ostirala, Juanmi Gutierrez omenduko dute Aieten

2019/06/11

Irati Salsamendi. Irutxuloko Hitza

Juanmi Gutierrez Aieteko kultur etxean Billy Wilderren ‘Perdicion’ filma aurkezten. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Juanmi Gutierrez zinemagilea omenduko dute,bihar, OSTIRALEAN, Aieteko kultur etxean. Joan den otsailean zendu zen Errenteriakoa, eta betidanik lotura estua izan zuen Donostiarekin; Amara auzoan bizi zen. Lantxabe auzo elkarteak antolatutako omenaldia 19:00etan hasiko da, eta han izango da Pello Gutierrez Peñalba zinemagilea eta Gutierrezen semea. Ekitaldian Isiltasun Kalea – Musicos que tocan en la calle lana proiektatuko dute, Donostiako kaleetan jotzen duten musikagileei buruzkoa.

Ez da lehen aldia izango Gutierrez Aieteko kultur etxean protagonista izango dena, izan ere, joan den otsailaren 8an Raoul Peck-en I am not your negro dokumentala aurkeztu zuen Aieten antolatutako Tengo un sueño literatura eta zinema zikloaren barruan. 2018an aldiz, ziklo beraren harira, Billy Wilderren Perdicion filma aurkeztu zuen. Konpromiso handiko gizon gisa oroitzen dute Lantxabe auzo elkartekoek: “Ausarta eta konprometitua izan zen bere bizitza osoan zehar; Aietera etorri zen giza eskubideei buruz hitz egiteko, baita arrazakeriaren aurkako borrari buruz ere”.

Zinema eta konpromisoa

Gutierrezek Donostiako Herri Irratian egin zuen lan Bruselan goi mailako zinema ikasketak egin ostean, eta HABEk sustatutako Bai Horixe! euskara ikasteko bideoak zuzendu zituen 1980ko hamarkada hasieran. Eusko Ikaskuntzako Zinema Sailaren presidentea izan zen, eta zinema eskolak ere eman zituen Donostiako hainbat kultur zentrotan, Larrotxenen esaterako. 1982an, berriz, Ikuska saileko lanetako bat zuzendu zuen. Zinemaldiarekin ere lotura estua zuen.

Gizarte gaiekin loturiko dokumental ugari zuzendu zituen Gutierrezek. Bestalde, hainbat liburu ere argitaratu zituen. Euskadiko Filmategiaren webgunean bere ibilbidea eta filmografia kontsultatu daitezke.

Deja un comentario