M8: Greba feministarekin bat egiteko pausoak

Emakume ala gizon, hauek dira protestarekin bat egiteko jarraitu beharreko gomendioak.

Iazko greba feministan emakumeen behar eta ezinegonekin bat eginda, kaleak jendez gainezka ikusi genituen. Aurten ere Euskal Herriko emakume, bollera eta transak grebara doaz ostiralean, martxoak 8, borroka feminista ikusgarriagoa izan arren, prekarietate, arrazismo, heteroarau eta indarkeria matxista berdinak kolpatzen jarraitzen dituztelako. Baina, nola egin bat protestarekin? Grebara deitutako kolektiboaren parte bazara edota feminismoaren aldarrikapenekin bat egiten duen gizona bazara, hemen dituzu protestarekin bat egiteko grebaren antolatzaileek zehaztutako jarraibideak:

NORTZUK EGINGO DUTE GREBA?

Emakume, bollera eta transak, hots, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektu anitzak. Zapalkuntza desberdinek gurutzatzen dituzte eta horren aurrean saretze feminista ehunduko dute.

NOLA EGINGO DUTE GREBA?

1) Lantoki eta ikasgeletan grebara batuz .

2) Herri eta hirietako mobilizazioetara joanez, bi hitzordu nagusi: 12.00 eta 19.00.

3) Zaintzeari utzita eta hori irudikatzeko amantala balkoian eskegita.

4) Edonon zaudela besoko morea jantziz.

5) Greba antolatuta eta zabalduta.

6) Merkatuan kontsumitzeari utziz, batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan.

ZER EGIN DEZAKETE GIZONEK?

1) Aita bazara: zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan…).

2) Laguna bazara: zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.

3) Enpresako nagusia bazara: enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.

4) Ikaslea edota irakaslea bazara: eskolara joango ez diren emakume ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.

5) Zaintza behar duenik badago: has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeek betetzen duten lan horretaz arduratzen.

6) Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago: (haur, adindun, bizilagun e.a.) zure burua eskaini egun horretan lan egiteko.

7) Emakume batekin harreman sexu-afektiborik baduzu: martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.

8) Zabaldu mezua: zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.

9) Ez kontsumitu: Batu zaitez kontsumo grebara.

10) Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu: maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Deja un comentario