Axular Lizeoak 50 urte beteko ditu aurten

Aieteko Axular Lizeoa ikastolak 50 urte beteko ditu 2019an, eta urteurrena dela eta, urte osoan zehar egingo dituzten jardueren egitaraua aurkeztu dute. Abenduan eginiko urteurrenaren aurkezpen ekitaldian, ikastolako ikasleak, langileak, ikasle eta langile ohiak bildu ziren, eta han egon ziren baita ere Eneko Goia alkatea eta Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotzia.

Urteurrena ospatzeko antolatu dituzten jardueretako batzuk ikastolan bertan egingo dituzte, baina beste batzuk hiriko beste hainbat lekutan izango dira. Esaterako, datorren martxoaren 1ean urteurrenaren ekitaldi nagusia egingo dute Viktoria Eugenian.

Halaber, ikastolaren 50 urteetako gertaera eta pasarteak biltzen dituen liburua aurkeztu dute. Ipar enpresaren gidaritzapean, Jesus Etxanizek, ikastolako zuzendari ohiak, idatzi eta koordinatu du lana. Aurkezpenean jakinarazitakoaren arabera, liburua familia eta eragileen artean banatuko dute. Liburuaren azala, DBHko hirugarren mailako ikastolako ikasle batek egin du, Uxue Auzmendik, hain zuzen.

Ondoren, ikastolaren lehen lehendakari Claudio Artesanok, ikastolen mugimenduak garai haietan bizi izan zituzten zailtasun eta egin beharrekoak azaldu zituen. Halaber, Axular Lizeoaren komunitatearen alde garai haietako gurasoek egindako lana goraipatu zuen.

Ekitaldia amaitzeko, Asier Iriondok, ikasle ohia eta Skakeitan taldeko musikaria, urteurrenerako sortu duten abestia aurkeztu zuen. Iker Lauroba musikariak konposatu du abestia, eta Isabel Ezeiza ikasleak jarri du ahotsa. Haritz Lauroba eta Asier Iriondok ere parte hartu dute abestian, eta 12 urteko beste bost ikaslek koruak egin dituzte.

Urt 4, 2019

Nork: Irati Salsamendi

Deja un comentario