‘Eskubideen Gunea’ arte instalazioa inauguratu dute aieteko parkean

Gaur, abenduaren 10ean, 70 urte bete dira Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuenetik, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Eskubideen gunea inauguratu dute Aieteko parkean. Eneko Goia alkateak aurkeztu du Pudú arkitektura estudioko Iker Ordoñok eta Arantxa Satrustegik aurkeztutako proiektua, harrespil itxurako instalazio “artistiko-pedagogiko” bat, hain zuzen. Inaugurazioan, Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleek dantza bat interpretatu dute elementu artistikoaren inguruan.

Arte instalazioa omenaldi-oroitarri bat da, eta era berean, herritarrek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasota dauden balioen eta eskubideen gainean gogoeta egiteko ibilbide pedagogiko bat izatea du helburu.

Goiak adierazi du Aieteko parkea dela Eskubideen gunea kokatzeko espazio egokiena, izan ere, Aieten daude baita ere: Eskura-Giza Eskubideen aldeko Pedagogia Baliabideen Zentroa, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean kokatua; Urte haietan izeneko eskultura, frankismoaren eta diktaduraren biktimen oroimenezkoa; Ana Frankek, holokaustoaren biktima izandakoak, bere babeslekutik ikusten zuen zuhaitzaren kimua; giza eskubideetan espezializatutako Kultur Etxea, eta Ipuinen Etxea, eskola umeekin balioetan oinarritutako heziketa lantzeko baliabideak dituena.

Eskubideen gunea metalezko 30 panel zurik osatzen dute, eta horietan ziriz idatzita daude Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko artikulu guztiak, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Panelek 9 metroko diametrodun zirkulu bat osatzen dute, eta Kultur Etxearen eta Aieteko Jauregiaren alboan kokatuta daude. Liburu itxurako paneletan estanpatuta daude hainbat hizkuntza eta alfabetotan idatzitako hitzak, Adierazpenean aldarrikatzen diren balioak eta eskubideak irudikatzen dituztenak. Gainera, Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena gogoratzeko hainbat jarduera antolatu ditu Donostiako Udalak urte osoan zehar

Nork: Irati Salsamendi

Deja un comentario