Donostia Turismoak Aiete baztertu duela salatu du auzo elkarteak

Lantxabe auzo elkarteak bere webgunean salatu du Donostia Turismoak beste behin baztertu duela Aiete auzoa. Duela egun batzuk Art in Donostia liburuxka aurkeztu zuen Donostia Turismoak, hiriko eskaintza artistiko guztiak biltzeko. Lantxaberen ustez, ez dute behar bezala kontuan hartu Aietek duen eskaintza kulturala, “besterik gabe, diseinatzaileei ez zitzaielako mapan sartzen, edo Donostia Turismoako arduradunei ez zaielako buruan sartzen”.
Pasa den urriaren 12an, Aieteko mugarrietatik ibilbide kultural eta artistikoa antolatu zuten, eta auzo elkarteak leporatu dio udalari liburuxkan ez sartu izana. Art in Donostiaren aurkezpenean Ernesto Gasco zinegotziak jakinarazi zuen “artea deszentralizatzeko eta turistei hiriaren zati desberdinak erakusteko ibilbideak” bildu nahi izan dituztela, eta Lantxabekoek adierazi dute aukera paregabea galdu dutela esandakoa betetzeko.
Webgunean idatzitako oharrean, turismoko arduradunekin lankidetzan aritzeko borondatea iragarri dute auzo elkartekoek, eta Art in Donostia liburuxkan gertatutako “nahasteak” konponduko dituztelako itxaropena adierazi dute. Era berean, eskatu dute liburuxkaren web bertsioan eta sortzen ari diren mugikorrerako aplikazioan urrian egindako ibilbidearen informazio zehatza, argazkiak eta kokapena gehitzeko.

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.