Sagar bilketa egingo dute ekogunean. Nork Iñaki Agirre (Hitza)

Iaz Aieteko auzotarrek egindako sagar bilketa.

Aieteko bizilagunek sagar bilketa egingo dute larunbat goizean, Kutxa-Ekogune parkean. Lantxabe auzo elkarteak deituta, Zabalegi sagastian elkartuko dira, 11:30ean, urriaren 6an egingo duten Sagardo Eguneko sagar-prentsaketarako behar dituzten fruituak biltzeko helburuarekin.

Goiz osorako programa antolatu dute, eta eskularruekin eta lan egiteko gogoz bertaratzeko deialdia luzatu diete auzoko familia guztiei. Eguna ongietorriarekin eta aurkezpenarekin abiatuko dute. Ondoren, 13:00etara bitarte, sagar bilketa egingo dute, trikitilarien musikaz lagundurik, eta jasotako guztia Katxola baserrira eramango dute gero. Lana amaiturik, Lantxabe auzo elkarteak parte-hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko die.

Ekitaldia hirugarren urtez egingo dute aurten. Aurretik, Katxola baserrian sagardoa egiteko ohitura zuten auzotarrek, eta 2016an sagarra euren artean biltzeko ideia otu zitzaien ere. Ekogunea leku aparta iruditu zitzaien horretarako, eta eremuaren kudeatzaileen baimena jasota, ohitura berriari ekin zioten.

Bilketara urtez urte gero eta jende gehiago animatzen dela nabarmendu dute Lantxabeko kideek. Pozik daude, ekitaldiaren helburu nagusia bizilagunen elkar ezagutza eta auzoaren ohitura zaharrak eta nortasuna berreskuratzea direlako, gazteei sagardoa sortzeko prozesua erakustearekin batera.

Deja un comentario