Auzoetako jaiak oraindik ez dira bukatu!

Aieteko jai batzordeko kide batzuk, festetan murgiltzeko gogotsu. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Gaur hasiko dira jaiak Aiete eta Txomin auzoetan, eta bi auzoetako jai batzordeetako kideek azaldu dutenez, gogotsu daude auzotarrak jai giroan murgiltzeko. Aieten datorren asteburura arte luzatuko dira festak.

Aiete, indarberriturik

Gaur hasi eta irailaren 16ra arte luzatuko dira jaiak Aieten. Urtero bezala, Aieteko auzotarrek bi asteburu izango dituzte jai giroan murgiltzeko, eta aurten, antolatzaileek azaldu dutenez, auzoko hainbat gunetara zabaldu dituzte ekitaldiak.

Hiru eragilek osatzen dute Aieteko jai batzordea, Lantxabe auzo elkarteak, Aieteko Euskara Batzordeak eta ACD Aiete elkarteak. Euskara Batzordeko Arantxa Lakadenak azaldu duenez, historikoki Lantxabe izan da jaien antolakuntzaren ardura hartu duena, eta azken urteetan Euskara Batzordea eta ACD Aiete elkartea batu dira. «Lantxabek jarduera ugari antolatzen ditu eta gainera, udalarekin harremana duena da. Gai administratiboak beraiek kudeatzen dituzte », baieztatu du Lakadenak. Euskara Batzordea, euskara sustatzeko ekintzak egin eta familia eta haurrentzat begirako jarduerak antolatzeko asmoz sortu zela azaldu Aietekoak. Gaineratu du elkartearen papera, «ezinbestekoa» dela azpiegiturari dagokionez.

Julen Barriuso ACD Aiete elkarteko kideak honakoa baieztatu du: «eragile bakoitzak bere aletxoa jartzen du, eta bakoitzak lehentasun batzuk dituen arren, denon artean auzo izaera eta auzoaren beharrei erantzuteko talde ona osatzen dugula uste dut».

Felix Perezek, Lantxabe auzo elkarteko kideak, aitortu du aurten berandu hasi direla jaiak antolatzen, baina hala ere, «egitarau txukuna» antolatu dutela uste du. Perezek azaldu du «Aiete erdialderik gabeko auzo luze bat» dela esaten dutela askok, baina daukaten helburuetako bat hori ezeztatzea dela gaineratu du.

Horren harira, aurten antolatu dituzten hainbat jarduerak helburu hori lortzen lagunduko dutela uste du Lantxabekoak, auzoko gune ezberdinetara zabaldu dituztelako ekintzak. Aieteko gune asko elkartuko dituzte, esaterako, danborradak, dianek eta karro-poteoak. «Guretzat oso garrantzitsua da auzoko gune ezberdinek protagonismoa izan eta nolabait elkartzea, auzoko izaera indartu eta auzo gisa ditugun helburuak lortu ahal izateko ezinbestekoa delako», azaldu du Perezek.

Aire berriak

Aieteko jaietako antolatzaileek azaldu dutenez, berrikuntza nagusietako bat da gazteei begirako jarduerak antolatzea. Barriusok azaldu du hainbat adin tarte tako pertsonentzat eskaintza falta zela iruditzen zitzaiela, gehien bat haur eta gazteei begira. «Guk ikusten genuen jaietan beste mota bateko jarduerak falta zirela, esaterako, gaueko kontzertuak, txosnak, eta abar», azaldu du Barriusok. Jarduera berriak egiteko, Jolastoki «jai gune gisa irudikatzen» dutela azaldu du Lakadenak, hala ere, auzoko beste gune batzuetara ere zabaldu dituzte jarduerak.

Perezek eragile eta pertsona berrien parte hartzeari garrantzia eman dio. Azaldu du Aieteko jaiak duela hamarkada asko sortu zirela eta gaur egun bertan parte hartzen zuten pertsonak antolakuntzan ez badaude ere, garai batean egiten ziren gauzen oroitzapenak bizirik mantentzeko saiakera egiten dutela. «Badaude elementu batzuk, auzoaren izaera propioa mantentzen laguntzen dutenak, eta guk ere interes handia daukagu horiek mantentzen, esaterako, boloak», gaineratu du Perezek.

Lakadenak «talde polita» eratu dela uste du, eta baieztatu du auzoarentzat garrantzitsua dela ideia berriak gauzatu eta historikoki egin diren gauzak mantentzea.

Iraila 7, 2018. Nork, Irati Salsamendi

Deja un comentario