Pio Baroja eta Aiete elkartzen dituen igogailua martxan dago

SONY DSC

Aieteko igogailu bertikala martxan da dagoeneko. Funtzionamendu frogak egin zituzten atzo eta dena ondo dabilela baieztatu ondoren, erabilgarri dago Pio Baroja eta Aieteko pasealekua lotzen dituen igogailua.
Aiete eta Morlans elkartuko dituen igogailuaren proiektuak bi zati ditu. Lehenengo zatia Morlanseko biribilgunetik Melodiko biribilgunera joango den igogailu inklinatuak osatzen du; bigarrena, atzo ireki zen igogailu bertikalak. Ireki berri den igogailua, anbulatorioa eraikiko den lursailaren pareraino iristen da.
Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak maiatzean azaldu zuenez, Morlans eta Melodi elkartzen dituen igogailua azaroan egongo da prest, aurreikusitakoa baina hainbat hilabete beranduago. Atzerapena, lanak hasi ondoren agertu diren hainbat ezustekoren ondorio dela azaldu zuen, esaterako, aurreikusita ez zeuden lursailaren ezegonkortasunak eragindako arazoak.
Era berean, Morlans Lugaritzeko geltokiarekin elkartzen duen tuneleko bidegorriak itxita jarraitzen du. Mugikortasun eta Garraio zinegotziak adierazitakoaren arabera, “dena ondo badoa, uztailean izango da irekiera”.

Deja un comentario