Morlansko tuneleko bidegorria irekiko dute

Morlansko tuneleko bidegorriaren itxieraren berri ematen duen kartela. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Morlans eta Lugaritzeko geltokia elkartzen dituen tuneleko bidegorriaren irekiera ostegun honetarako dago aurreikusita, Pilar Arana, Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez. Tuneleko bidegorria milaka bizikletarik erabili duten bidea da, eta itxita dago pasa den urteko ekainetik, Morlans eta Aiete elkartuko dituen igogailuaren lanen ondorioz.
Hasiera batean, bidegorriaren itxiera bederatzi hilabetekoa izango zela aurreikusten zen, baina, irekiera data behin baino gehiagotan atzeratu dute. Arana Mugikortasun zinegotziak gogoratu duenez, Morlans eta Aiete lotuko dituen igogailuaren lanen ondorioz sortutako hainbat ezustekok eragin dituzte atzerapenak, esaterako, mendiaren magalaren egonkortze lanek. Beste arrazoietako bat, bizikletarien segurtasuna izan da, eta hori bermatzeko, 28 metroko murrua eraiki dute, igogailua eraikiko den ezponda egonkortzeko helburuarekin eta magaletik objekturik ez erortzeko.
Morlansko tunelaren bidegorriaren lanak, Morlans eta Aiete elkartuko dituen igogailuaren proiektuarekin lotuta daude. Proiektuak Aieteko bizilagunek urtetan aldarrikatu duten eskaeraren erantzuna dira, Aieteko bizikletariek erdialdera duten irisgarritasuna hobetzea, hain zuzen. Igogailuaren proiektuak, bi fase ditu, eta horietako bat, Aiete pasealekuko zubia Pio Barojarekin lotzen duen igogailuarena, bukatuta dago. Bigarren faseak, Morlansko errotonda eta Melodi elkartuko dituen igogailu inklinatuak osatzen du. Honen inaugurazioa azaroaren 9rako aurreikusita dagoela azaldu du Aranak. Igogailuak 1.875 kiloko ahalmena izango du, eta 25 pertsona garraiatu ahalko ditu ibilbide bakoitzean. Horrez gain, Aieten bidegorria eraikitzeko proiektuaren onarpena hilabete honetarako aurreikusten du auzo elkarteak.
Irati Salsamendi

Deja un comentario