Katxola baserriaren bueltan jaia egingo dute larunbatean

Larunbaterako egun osoko jaia prestatu du Aieteko Lantxabe auzo elkarteak. Bisita gidatua egingo du goizeko lehen orduan, 9:30ean, Miramongo basoan barrena. Hango landareriaren berri emango diete bisitariei Juanpe Sansineseak eta Jose Luis Samsok.
Katxola baserrian jaia egingo dute ondoren, 12:00etan hasita. Trikitilariek egingo diete ongietorria ibiltariei. Horrela, musikaz girotutako gunean, apirilean botiletan sartutako sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Aieteko bizilagunek eta inguruko lagunek egin dute sagardoa egiteko prozesu guztia. Irailean, Aieteko jaietan, sagarrak jaso zituzten; Munto-Katxolako dolarean txikitu zituzten urrian; eta Miguel Gallastegi pilotari ohiarekin dastatu zuten apirilean, txotxetik.
Larunbatean, sagardoa edateaz gain, aukera egongo da hamaiketako ederraz gozatzeko, tortillekin eta bestelako jakiekin. Gainera, tokan aritzeko aukera egongo da, baita sokatiran ere.

Deja un comentario