Euskararen alde egotetik, egitera

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte 11 egunez euskarak hartuko du hiria. Euskaraz bizitzeko erronkatik abiatuta, hizkuntza ohiturak aldatzea da helburua.
Dagoeneko hasi dira hiriko hainbat auzo Euskaraldirako motorrak berotzen. Erronka handia dute esku artean: 11 egunez euskaraz bizitzea. Euskal Herri osoan batera egingo den egitasmoa da, eta bi helburu nagusi dituela azpimarratu dute: euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohituretan eragitea.
Egitasmoa ez da ezerezetik sortu. Hainbat aurrekari ditu, horietako batzuk Donostian. Izan ere, Lutxo Egia idazle bilbotarrak egindako esperientzia batetik abiatuta Egian euskaraz bizi nahi dut egitasmoa egin zuten. Auzoan edukitako arrakastaz ohartuta, Añorgako bizilagunak ere animatu ziren Añorgan euskaraz bizi nahi dugulako proiektua abiatzera. Jarraian etorri ziren Altza Hadi 21 Egun Euskaraz eta Baietz 20 Egun Euskaraz Intxaurrondon egitasmoak. Auzoez gain, eragileak ere animatu ziren errokari eustera. Donostiako Piratak, esaterako. Txanpa hartu zuten eta Aste Nagusia euskaraz bizitzeko apustua egin zuten.
Nolabait auzo eta herrietan egindako egitasmo horietatik sortu da Euskal Herri osoan 11 egunez euskaraz bizitzeko erronka. Baina zergatik da beharrezkoa? antolatzaileek azaldu dute Euskaraldiaren helburua euskaltzaleak aktibatzea dela, izan ere, azken ikerketen arabera euskararen ezagutza handitu egin bada ere, erabilera ez da modu berean areagotu. Horregatik, nahi duen orok hartu ahal izango du konpromisoa euskaraz bizitzeko edo besteak euskaraz bizi ahal izateko erraztasunak emateko.

Donostian, nola?
16 urtetik gorako herritarrek hartu dezakete parte Euskaraldian, eta parte hartzeko bi figura sortu dituzte: ahobizi eta belarriprest. Ahobiziek ahal duten guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute eta Belarriprestek, berriz, ulertzeko gai baina egiteko gai ez direnak, euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete gainerakoei.
Iaz hasi ziren Donostian Euskaraldia prestatzen udala eta Bagera elkartea, eta 2017ko abenduaren 3an egin zuten lehen aurkezpena.
Edurne Otamendi Euskara Zerbitzuko kideak azaldu du oinarrizko talde bat sortu dutela, bertan biltzen dira udala, Bagera elkartea eta Euskaraldiko Donostiako dinamizatzailea. Bestalde, esplikatu du sustatzaile izan zitezkeela uste zuten eragile eta elkarteekin harremanetan jarri zirela eta hortik batzorde eragile bat sortu zutela. “Orain egitasmoa gizarteratzen eta ezagutarazten ari gara”, dio. Gaineratu du auzoekin eta sektore desberdinekin ari direla aurkezpenak egiten eta helburua auzoetan eta sektoreetan Euskaraldiaren berri ematea dela.

Prozesuaren garrantzia
Irailaren 20an irekiko da Euskaraldian Ahobizi edo Belarriprest moduan izena emateko aukera, bitartean, jendea kontzientziatzeko eta parte hartzera bultzatzeko lan egingo dutela adierazi du Otamendik.
“Donostiako biztanleen bi herenek dakite euskaraz, eta %46 dira hitz egiteko gai. Datuak onak dira eta aukera asko ematen dituzte”, azaldu du Euskara Zerbitzuko kideak. Hala ere, gaineratu du ez dutela Donostiarako helburu zehatzik jarri: “Garrantzitsuena prozesua dela iruditzen zaigu; prozesua bere horretan urrats kualitatibo handi bat da”.
Malen Aldalur
Apirila 27, 2018
HITZA

Deja un comentario