Miguel Gallastegi pilotariaren mendeurrena ospatuko dute Aieten


Aiete auzoarekin lotura estua du Miguel Gallastegi pilotari ohiak (Eibar, 1918). Miramongo frontoian bere omenezko plaka bat jarri zuten 2014an. Aspaldian ezagutu zuen txoko hau Miguel Gallastegik; ongi gogoan du 1943ko abuztuaren 13a zela. Dagoeneko eraitsia dagoen Ramonene baserrian eman zioten ostatu. Donostian jokatu zuen pilotariak eta bertan igaro ere eguna. Ordutik asko aldatu da Aieteko inguru hau; “garai batean basoa eta lau baserri besterik ez ziren hemen. 1943an ezagutu nuen txoko hau, eta osasunak uzten didan bitartean etortzen jarraituko dut”.
Joan den otsailaren 25ean 100 urte bete zituen eta bere mendeurrena ospatzeko festa berezia egingo dute Aieten larunbatean, martxoaren 17an. Sagardoaren kulturari lotutako jarduerak egingo dituzte Katxola baserrian eta Gallastegik egingo du txotx, 18:30ean.
Manex Mujika bertsolariak bertso batzuk eskainiko dizkio eta denek dastatuko dute sagardoa. Trikitixarekin girotuko dute festa, eta bola, toka eta sokatira txapelketa egingo dute.
Aurretik, 16:30ean, Gallastegi omenduko dute jubenilen pilota partidan. Miramonen ariko dira Oier Olarra eta Iñaki Atxa eta Peru Salaberria eta Mario de la Torre jubenil federatuak.

Deja un comentario