Gaizki-ulertzeak

Mihi bifido baten gisara irudikatzen dut nire hizkuntz ahalmena. Ezkerreko aldean, demagun, daukat ama hizkuntzaren esparrua; eskuinekoan, beste guztienak: konturatu ere egin gabe ikasitako gaztelaniarena, batxilerrean estudiatutako frantsesarena eta betirako arinaiztar bihurtu nauen ingelesarena.
Euskarak okupatzen du mihi bifido horren erdia, ez bakarrik lehen hizkuntza izateagatik, baita gaur egunean —estatistika pertzepziozkoa da hau— mintzaira horretan garatzen delako nire egunerokoaren ehuneko laurogeita hamarra. Mihiaren alde bien artean badaude interferentziak. Euskaraz ari naizela sartuko zait tartean esaera oso bat gaztelaniaz —nahiko maiz—, eta noizean behin esakune bat edo hitz solte bat frantsesez edo ingelesez. Gaztelania, berriz, euskararekin zipriztintzen dut nahiezta ere. Ondorioz, lardaskatu samar ateratzen zait askotan solasa, bai lehenengo hizkuntzan eta zer esanik ez bigarrenean. Elkarrizketa formal samarra eduki behar badut, hobe aldez aurretik hitzak atzeko apaletik aurrekora ekartzen saiatzea. Eta, hala ere, lanak.
Mintzatzea ez da, ordea, hitzak eskura eta mihian izatea bakarrik, diskurtsoari forma ematen jakitea baizik. Irratiko eztabaida batean ohartu nintzen, aspaldi batean, diskurtsoaren antolaketan neuzkan gabeziez. Seminariotik pasa eta unibertsitateko irakaslea zen gizonezkoa neukan aurrean. Hark «hau horrela da» eskemari jarraituz botatzen zituen bere iritziak. Nik, berriz, «nik uste…», «ez al zaizu iruditzen?» eta horrelako makuluen laguntzarekin jaulkitzen nituen nireak. Saioa bukatzerako konturatu nintzen ez neukala zereginik bulldozerraren pare jo eta zanpa egiten zidan mintzaidearen alboan.
Gerora jakin nuen nire hitz egiteko modua femeninotzat klasifika zitekeela: ni-tik aritzea eta ez neutrotasun itxuratik; esaldiak amaitu gabe uztea; galdera moduan formulatzea norberaren esanak, bestearen konplizitatea bilatuz eta lehiari ihes eginez… Geroago enteratu naiz hizkera femenino eta maskulinoaren arteko bereizketa horrek tranpa daukala barrenean.
Bi hizkeren artean —hizkera banatako hiztunen artean— gertatzen omen diren ustezko gaizki-ulertzeak larrutzen ditu Deborah Cameron hizkuntzalari feministak The Myth of Mars and Venus: Do Men and Women Really Speak Different Languages? (2007) liburuan. Horretarako erabiltzen duen adibideetako bat da 1990eko hamarkadan Kanadako unibertsitate batean izandako gertakari bat: «ez ezetz da» motako gertakaria. Bi ikasle emakumezkok salatu zuten ikaskide gizonezko bat, nork bere aldetik jasandako sexu jazarpenagatik. Kasua aztertu zuen epaimahaiko kide bat tematu zen nesketako bati egindako galdeketan: ea ez al zen ohartu bera —neska— mutilak ez zuela ulertzen bere ezetza esateko manera. Azkenean mutilari debekatu egin zioten campuseko logeletan sartzea, baina ez zuten unibertsitatetik bota. Erabaki horretan Cameronek ikusten du bi neskak gertatu zitzaienaren errudun egiten zituela neurri batean epaimahaiak, ebazpenak aditzera ematen zuelako beste era batera komunikatu izan balute ezetza —uler bedi, modu erasokorragoan—, mutilak ez zuela jazarpena burutuko.
Cameronek zehazten du hizkera femenino eta maskulinoaren arteko ustezko gaizki-ulertzeak oro errealak ez, taktikoak direla. Komenentziazkoak, alegia, eta estrategia oso baten parte. Aurtengo martxoaren 8ko plantoak estrategia horren muinera jotzen du, lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba proposatuz. Azken urteotan erabat hedatuta dago, adin bateko emakumeen artean batez ere, elkarren arteko bazkari edo afariekin ospatzea Emakume (Langile)aren Eguna. Emakume horiek amantala erantzi eta egun batez «ez ezetza da» zaintzaren arlora —lan erreproduktibora— aplikatuko balute… zenbat gaizki-ulertze interesatu ez ote litzateke argituko behingoz.
2018ko martxoak 4

Deja un comentario