Neurria aldatu diote aurten

Bere neurrian, ona da lehia, baina inguru atsegina, gertutasuna, konfiantza, aisialdia… Hori guztia eskaini nahiko luke Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak”. Jokin Labaien Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideak azaldu duenez, “euskaraz bizitzeko, komunikatzeko eta ondo pasatzeko modu bat” da bertsoa. Eta erronka horri helduta, gaur hasiko da txapelketa, Zestoako Lau Iturri elkartean jokatuko duten bat-batekoaren lehen kanporaketan. Apirilaren 20an amaituko da, Deban, Lasturko Arruan Haundi baserrian jokatuko duten finalean. Bat-batekoaz gain, idatzizko lehiaketa ere izango du eskolartekoak. Martxoaren 6an izango da lehen saioa, Lezoko Gezala auditoriumean, eta martxoaren 16an azkena, Orioko ikastolan.
Bat-batekoa eta idatzizkoa, bi hari mutur horiek izango ditu Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak. “Eta bietan daude berritasunak”. Afari giroko bost kanporaketa izango dira bat-batekoan: Zestoan, Oñatin, Orion, Ereñotzun eta Anoetan —sarrerak salgai daude jada www.bertsozale.eus webgunean—. Eta mahaiaren bueltan jokatuko dute final handia ere —20:00ak aldera hasiko dira afaltzen, eta 21:15 aldera ekingo diote finalari—. “Bertso Eskolen Egunean jokatzen zen lehen finala, eta areto handietara eramaten zen. Baina, aurten, 14-18 urte arteko gazte horiek izan dezaketen publiko motara gerturatu nahi izan dugu finala”.
Gazte horientzat ezaguna da Lasturko Arruan Haundi baserria, “azken bizpahiru urteotan egonaldia egin izan dutelako bertan”. Bi egitasmoak batuta, ostiralean hasiko da egonaldia. “Afaria egingo dugu lehenengo, eta ondoren jokatuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finala”. Kanporaketetan ez bezala, apirilaren 20an oholtza txiki bat edukiko dute finalistek. “Baina leku ezagunean, neurri egokian, eta euren adineko gazteak begira dituztela”. Behin finala jokatuta, urtero bezala egonaldia egingo dute Arruan Haundi baserrian.

Idatzizko lehiaketari dagokionez, ostiraletan egin izan dute orain artean, Gipuzkoako ikastetxe eta bertso eskoletako gazteak egun jakin batean leku jakin batean bilduta. “Eta ostiral arratsaldeetan izan beharrean, ostiraletan baina ohiko eskola orduetan egingo dugu aurten”. Gaia eman eta bertsoak sortu beharko dituzte gazteek, eta saio didaktikoa izango dute ondoren. “Leku eta ordu jakin batean bertsoak egitera mugatu gabe, bertso giroa sortzea da helburua”.
Sari banaketan ere aldaketak izango dira aurten. “Gipuzkoako bertso sortarik onenak aukeratzen genituen lehen, baina sari banaketak eskualdeka egingo ditugu aurten”. Sari gehiago izango dira, ondorioz. “Eta ezaugarri horrek gazteak motibatzeko balioko duela uste dugu”. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara artekoek parte hartu ahal izango dute idatzizkoan, 8 urtetik 18ra artekoek.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak urtero elkarlanean antolatzen dute Eskolarteko Txapelketa, eta, alde horretatik, eskolaz eskolako parte hartzea izango du idatzizkoak. 27 bertsolarik parte hartuko dute, berriz, bat-batekoan, Oihana Arana iazko txapelduna tartean dela. 18 urte beteta, Jokin Irastorza iazko txapeldunordea aurten jada ez da izango lehian. Helduleku asko dauzka bertsoak. “Ez bat-bateko formatua bakarrik”. Labaienek azpimarratu duenez, norberak erabakitzen du bertsoaren munduan gehiago edo gutxiago murgildu nahi duen. “Bideari ekinda, bertso eskoletara joaten dira gero batzuk, bat-batean hasten dira beste hainbat, gai jartzaile edo epaile gisa probatu nahi izaten dute beste batzuek… Eta zale, antolatzaile edo dena delako bihurtzen dira beste asko eta asko”.
Gazteak trebatzeko bidea
Adibide gisa, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa amaitu ondoren, deialdia egin zuten gai jartzaile gisa trebatzeko. “Eta 11 gaztek eman zuten izena. Dagoeneko lanean ari gara gazte horiekin, eta horiek ere lagunduko digute aurtengo eskolartekorako gaiak sortzen”. Aholkuak ematen hasita, Labaienek argi dauka nagusia: “Ondo pasatzea, baina barneratzea mundua ez dela bertan amaituko. Euskararekin ondo pasatzea, bertsoarekin ondo pasatzea, komunikatzeko modu desberdinekin ondo pasatzea…”.
Unai Zubeldia
2018, otsailak 16 Albisteak, gipuzkoa, Kultura 60

Un comentario en “Neurria aldatu diote aurten

  1. Jokin Labaien

    Jakingo duzu joan den astean Got Talent telebista saioan euskal musika talde bat izan zela. Ijitoak direla eta Mikel Laboaren Txoria txori kanta eskaini zutela. Gustatu egin zitzaion bertako publikoari, gustatu egin zitzaien epaimahaiko kideei eta emanaldiaren bideoa abiadura ikaragarrian zabaldu da gurean, sare sozialen bidez. Gustatu egin zaio jende askori, eta laudorio ugari jaso dute, Espainian zein gurean. Eta igarri dut harridura moduko bat, poz bat —gutxi batzuei kezkagarria iruditu zaiena— bertakoak izan arren, ijitoak izanda, euskal abesti mitikoak aukeratu eta euskaraz kantatzen dituztelako.
    Ni ez nau Sonakay taldearen emanaldiak ezustean harrapatu. Ez, noski, beste inor baino azkarragoa naizelako, ez aztia naizelako. Iaz, zoriz eta zorionez, haien berri izan nuen. Bestela, nik ere joan den astean ezagutuko nituen, eta harritu egingo nintzateke. Baina duela urtebete inguru, goiz batez, ohi bezala, Errenteriako ikastetxe batera joan, eta ikasle batek, pozak txoratzen, eskaileretan harrapatu ninduen. Haren osabak musika talde bat zuela, eta euskaraz abesten zutela esan zidan. Zer abesten zuten galdetu, eta Mikel Laboaren Txoria Txori erantzun zidan, sarean zegoela ikusgai. Klasea hasi orduko lurrean eta borobilean eseri nituen, ikasleak esandakoa kontatu nien, Mikel Laboa nor zen azaldu, haren abestiren bat jarri eta Sonakay taldearen bertsioa entzun genuen. Gustura sentitu nintzen egun hartan. Ondo gogoan dut hori.
    Kontuok gogoan nituela, eta Got Talent saioko grabazioa ikusten, gogoeta pare bat etorri zaizkit. Tristatu egin nau urtebete sarean daraman bertsioaren berri —taldearen bideo bat baino gehiago dago bertan— nola izan dugun ohartzeak. Ukatu nahi eta ezin dugun ispilu horretatik etorri zaigu, beste behin, geure buruaren berri. Taldea ez balitz Espainiako telebista kate bateko saiora joan, ziur asko, ez genuen haren berririk izango, gurean emanaldi ugari eskaintzen dituen arren. Bestalde, pentsatzen jarri naiz, ispilu horretan zenbateko presentzia duten euskarak eta euskal kulturak. Esku bakarreko hatzak sobera izan ditut, haiek betetzen saiatuagatik. Horrek esan nahi du zerbait gutaz. Eta asko, ordea, Espainiaz eta bertako telebistaz. Epaimahaiko kideei ere, emanaldi hartara arte, sinesgaitza egiten zitzaien euskara eta flamenkoa nahas zitezkeenik

    Responder

Deja un comentario