Ane Urrutikoetxea: ‘Olentzerori gutuna’

Ane Urrutikoetxea Urteko garai horretan gaude; Gabonetako opariak erostea tokatzen da, baina zer oparitu denetik duenari? Lagun ezkutuan izeba tokatu zaizu, zelako zorte txarra… eta zuri, urteroko galtzerdi parea eta armairuan ahaztuta geldituko den jertse iletsua oparituko dizute, ziur.
Aurten beharbada dendan ikusi zenuen soineko polit eta garestitxo hori eskatuko duzu, edo telefono berri bat, duela bi urte erosi zenuena dagoeneko zaharkituta gelditu zaizulako; urteroko kolonia, eta zergatik ez erloju bat? Edo argazki kamera bat? Egia esan, ez dakizu zer eskatu… baina zerbait eskatu beharko.
Eta oparitzeko, zer? Aitari kartera bat, amari belarritako batzuk? Ahizpari gona bat, ilobatxoari modako azken jostailua? Sutondoan imajina ditzakezu, El Corte Ingleseko opari-paper gorria apurtuz, barruan dagoena aurretik asmatuz, sorpresa aurpegiaren itxurak eginez. Urteko tradizio hutsekin bat eginez.
Aurten, Olentzerori gutuna idazten diezuenean, hurrengoa proposatzen dizuet. Ez eskatu behar ez dezuen ezer, ez oparitu ilusiorik eragingo ez duen ezer. Horren ordez, benetan behar duzuenaren inguruan hausnartu. Aiton-amonekin denbora gehiago igarotzea opari ederra da; amarekin berari horrenbeste gustatzen zaion abeslariaren kontzertura elkarrekin joatea opari ederra da; ilobari ipuinak kontatzea opari ederra da.
Beharbada, zuk ere ezustekoren bat jasoko duzu trukean; beti ikusi nahi izan duzun baina inoiz ausartu ez zaren antzerki obra horretarako sarrerak oparituko dizkizute, edota aspalditik bisitatu nahi zenuen lekura eramango zaituzte sorpresa moduan. Irakurtzeke zeneukan liburu hori emango dizute, sinatuta gainera, edo kriston ilusioa egiten dizun gitarra klase horretara eramango zaituzte. Gabon hauetan, maite dituzun horiek txunditzera ausartuko zarete? Eguberri on!

Deja un comentario