Botagura

2017-11-26 / Elixabete Garmendia Lasa / Berria
Botaguraz hasi dut igande goizeko paseoa. Botaguraz eta nahigabe izugarriz bukatu dut pasealdi ederra behar zuena. Ormaiztegiko tren geltokia eta Mutiloako meatze gunea lotzen dituen bide berdean, Liernitik abiatu eta berehala, kirats higuingarria. Laster panorama: Lurpeko hondakindegia zabor poltsaz gainezka. Bi makina ari dira poltsa horiek maneiatzen; kamioi handi bat, atoi eta guzti, bere zikinkeria zama botatzeko zain. Igande goizean zabortegia zabalik eta martxa horretan baldin badabil, zer ez ote da astegun buruzurietan.
Gipuzkoako Diputazioko Ingurumen sailetik agindu zuten (Noticias de Gipuzkoa, 2017-06-17) usain oro ekiditeko zabor geruza bakoitzaren gainean inerte geruza botako zutela; sistema ez da, antza, eraginkorra. Agindu zuten baita ere metanoa berehala jaso eta erreko zutela; sinetsi egin behar. Lortu dutena, oraingoz, hegazti harraparien bidez antxetak uxatzea izan da.
Administrazioa hain endogamikoa ez balitz, zabortegi horrek isuna jasoko luke. Baina… Jaurlaritzaren baimenaz dihardu eta Diputazioaren ekimenez, CESPA-FERROVIALek kudeatzen duen zabortegiak. Agintariek lotsa apur bat izango balute, bide berdeak itxita egon beharko luke. Kalkuluak egingo zituzten honezkero, zerk eragingo ote dien kalte gutxiago, bide horren erabiltzaileak zigortzeak edo bide berde bat itxi behar izatearen eskandaluak.
Kolore guztietakoak dira lurpera iristen diren Gipuzkoa osoko zabor poltsak. 2012an hasi eta atez ateko bilketaren kontrako kanpainan herri askotako balkoietan zintzilik egon ziren haien oinordekoak dira eta Zubietako erraustegia elikatzeko beharrezkoa den materialaren aurrekariak. Kanpaina haren bultzatzaileek jendearen erosokerian oinarrituta xaxatu zuten errebolta; herritarren ezjakintasunaz edo jakin nahi ezaz baliatuta. Helburua, betiere, zaborraren negozioari eutsi eta etekina ateratzea.
«Errefusa maneiatzen den moduak markatzen du diferentzia; batetik erraustegi eta zabortegien bidez egiten den hondakinen tratamendua; bestetik zero zabor-en estrategia». (The Zero Waste Solution, Paul Connett). Connett, estatubatuarra, kimikaria ikasketaz, unibertsitateko irakasle ohia, Zero Zabor mugimenduaren sortzaileetako bat da. Beste alderaketa hau ere egiten du Connettek: «Komunitateak, probintziak edo herrialdeak konparatzen ditugunean, kutsadura mailak gora egiten du ustelkeria mailaren neurri berean. Zenbat eta ustelagoa izan komunitatea, orduan eta kutsatuagoa egongo da». Eta haratago: «Ustelkeria hau beste ezertan baino nabarmenagoa da mega-hondakindegi eta erraustegien etengabeko sustapenean».
Gogoratzen, duela urte batzuk nola agertzen ziren hedabideetan Napoleseko irudiak, kaleak zaborrez gainezka? Eta esplikatzen zutenean Camorrak bultzatzen zuela hori, ezin ulertu zergatik; ba hondakindegiak eta erraustegiak eraikitzeko presio bidea omen zen. Sizilian bost erraustegi jartzeko proiektua egon omen zen, bost mila milioi euro errausketaren industriarentzat; Connettek hitzez hitz dioenez, «politikarien, mafiaren, kontsultarien eta enpresarien arteko elkarlanean».
Gaur egun Italia da Europan Zero Zabor-en bidea gehien garatzen ari den herrialdea. Aurtengo udan, Bolonian hasi eta Adriatiko itsasoaren ertzetik Italiako takoirainoko bidea egin duten lagun batzuk hori esanez etorri ziren: ostatu hartu zuten apartamentu guztietan, gero atez-ate bilduko zuten zaborra sailkatu eta botatzeko eskaera, argibideak eta bitartekoak aurkitu zituztela.
Lurpe zabortegiak inguruko biztanleei eragiten dizkien kalteak Zubietako erraustegia eraiki bitartekoak izango direla errepikatu dute behin eta berriz Diputazioko agintariek. Kontsolamendu tristea. Areago, Mutiloako hondakindegia begiz jota daukatenean Zubietako instalazioak sortuko dituen zepak lurperatzeko. Oka egiteko zorian.

Deja un comentario