Bolatokiaren zaindari fina


Pedro Lazkano, Aieteko bolatokian.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Aieteko bolatokia berreskuratu zuten iaz, Manuel Matxain auzotarra jaio zenetik ehun urte bete zirela eta; Pedro Lazkanok hartu zuen lekua atontzeko ardura, eta berak zaintzen du, ilusioz.
Donostian gaur egun lau bolatoki daude. Horietako hiru estaliak dira, Altzakoa, Ategorrietakoa eta Añorgakoa. Laugarrena Aieten dago, aire librean: «Txapelketak estalitako bolatokietan bakarrik jokatzen dira, beraz, Aietekoa ez da sartzen», azaldu du Pedro Lazkanok (Altza, 1948). Utzia egon da Aieteko bolatokia, 30 urte inguruan, garaiko eskubaloi kantxaren albo batean: «Manuel Matxain plazaren ondoko baserri batekoa zen, eta haren ideia izan zen 1967an bolatokia jartzea, Txertubiren omenez. Matxain ondoezik jarri zenetik geldik egon da».
Lantxabe auzo elkarteak gogoan izan zuen iaz Matxainen jaiotzaren mendeurrena, hainbat jardueren arten, bolatokia berreskuratzea pentsatu zuten. Federaziorekin harremanetan jarri ziren, eta Lazkanok hartu zuen ardura. Horrela, urtean bi tiraldi antolatu dituzte; bata, Matxain omentzeko, eta bestea, auzoko jaietarako. Joan den hilean, Toka izeneko eskultura ere jarri zuten auzoan, bolalekutik gertu, Matxainen omenez ere, bolari handia izandakoa.
Hainbeste urtez geldik egon ostean, egur guztia usteldua zegoela azaldu du Lazkanok, beraz, lana izan dela berriz dena txukuntzea: «Etorri, ikusi eta balorazio txiki bat egin genuen. Dena berritu beharra zegoen, inork ez zuen arazorik jarri eta eskatutako guztia egin zuten. Behar zen material guztia ekarri eta ireki egin genuen». Material ona eskatu zutela dio Lazkanok, eta beste urte mordo batean irautea espero dutela.
Lazkanok dio aire librean egonda lan handiagoa dela bolatokia zaintzea: «Haurrak jolasean ibiltzen dira lurrarekin eta zuloak egiten dituzte, eta gero lur hori berdindu beharra dago. Estalitakoetan hor geratzen da egiten duzun lana, kanpokoetan ez». Horrela bada, tiraldiak baino hilabete lehenago bolatokira joaten hasten dela dio, pixkanada dena atontzen joateko: «Bi egunetik behin etortzen naiz; hostoak eta zikinkeria kendu, lurra berdindu, hondar pixka bat bota, bidea egin… nahiko erraz egiten da, eta ez dut inork laguntzea nahi izaten».
Etorkizun zaila
Altzako Otxoki baserrian jaio zen Lazkano. Aitarekin hasi zen bola jokoan, haurra zela, eta handik datorkio zaletasuna. Ategorrietako bolatokira joaten ziren, eta aspaldian Miramonen bizi den arren, oraindik ere Ategorrietako klubeko kidea izaten jarraitzen dute. Lazkanok berak darama Ategorrietako bolatokiaren zaintza, Aietekoa eta Usurbilkoarekin batera. Altzako bolatokia Altzatarra kirol elkartearen ardura da, eta 84 urteko Antonio Goenagak zaintzen du. Añorgakoa, berriz, federazioaren bitartez daramate.
Edonola, Donostian zaletasun gutxi dagoela dio Lazkanok, penatuta. «Oso triste dago kontua hemen inguruan. Goierri aldean, Gabirian eta Idiazabalen mugitzen hasi da jendea. Villabonan elkarte berria egin dute, eta bolatoki berria egin dute, estali eta txapelketetan sartzeko asmoz. Kuadrilla handia elkartzen da, hamabost lagunetik gorakoak, emakumeak eta gizonak, eta haien seme-alabak ere hasi dira tiratzen».
Federazioan badute bolatoki eramangarria ere. «Pena da bolatokiak bazterretan daudela, askok ez dakite hor daudenik ere, eta plaza erdian jarrita jendea gerturatzen da. Bolatoki mugikorra erabili izan dugu Donostiako sagardo apuruaren jaian, eta aurten ere jartzekoak gara».
Donostiako bola-jokoaren etorkizunera begira, diskurtso ezkorra du Lazkanok. «Ikastolen bidez agian zerbait mugituko da aurrerago, baina momentuz, behinik behin, ez; oso geldik dago kontua». Zerbait mugitzen ari dela dio, baina beste herri batzuetan: «Gaztetxoak badirudi pixkanaka badatozela, baina guk nahi baino gutxiago. Aietera etorri ziren Gabiriko bi mutiko, bederatzi eta hamaika urtekoak. Helduekin ez daukate zer eginik, baina beraientzat gauza handia da besteekin aritzea, eta ilusio hori ematen diegu». Horrela bada, halako jaialdietan nahi duen guztiak izaten du parte hartzeko aukera, eta haurrei bola txikiagoa jartzen diete: «Bolumena 25 zentimetrokoa da, baina batek 8,5 kiloko pisua du eta, besteak, kilo eta erdi gutxiago. Lehen zurezkoak ziren bolak, baina, orain nailonezkoak dira».
Lazkanok oroiminez gogoratzen du garai batean bai hirian eta bai lurralde osoan ere bazirela oso bolari onak: «Ni hasi nintzenean, nire aita zenarekin, 200 lagunek tiratzen genuen. Orain 80 bat ibiltzen gara. Zaharrak joan dira eta gazteak kostata hurbiltzen dira».
Pedro Lazkano, Aieteko bolatokian.
Estitxu Zabala
(Argazkia: Estitxu Zabala)

Deja un comentario