Manuel Matxain izan dute gogoan Aieten


Auzotarren omenez, Joxean Diez de Quevedok egindako ‘Toka’ izeneko eskultura inauguratu dute Aiete pasealekuan.
Manuel Matxainen omenez, Toka izeneko eskultura jarri dute Aieten, Etxadi inguruan. Joxean Diez de Quevedo Jadiku arduratu da eskultura egiteaz. Bertsolari eta toka jokalaria izan zen Matxain, auzoan oso ezaguna. Hain justu, 2016ko urrian ehun urte bete ziren Matxain jaio zenetik, eta Matxainen familiari oparitu zioten eskultura bat. Bada, berdina dago orain kalean, baina tamaina handiagoan.
Lantxabe auzo elkarteak bultzatuta, inaugurazio ekitaldira jende ugari hurbildu da: Donostiako alkate Eneko Goia, Uliako Gimnastikako kideak, Gurutziaga Abesbatza, Gero Axular dantza taldea, Manex Mujika bertsolaria eta hainbat auzotar. Denen artean, argi utzi dute auzotar maitatua dela Matxain.
Tokari eskaini zion jarduna, bolatokiarekin zuen lotura, bertsolari izatea eta korrikarekiko zuen adorea izan dituzte hizpide ekitaldian. Izan ere, Uliako Gimnastikak aurten 100 urte bete ditu, eta Matxainekin zuen harremana islatzeko, lasterketak egin dituzte gaur goizean bere omenez.
Errotuta
Donostiako alkateak eskertu nahi izan die Lantxabe auzo elkartekoei Matxainen memorian auzoan mantentzeagatik. “Orain dela bi urte, bolatokia estreinatu zenean oparitu zenidaten Matxainen liburu bat, eta berari buruzko gauza asko ikasten dira: nolako pertsona zen, zein errotuta zegoen auzoan, zein ona eta umila zen, zer gutxi gustatzen zitzaizkion eztabaida eta borroka..”.
Bada, Goiak, liburu horretatik hiru bertso irakurri ditu gaur bere omenez: lehenengoa, Uliako Gimnastikari eskaini ziona; bigarrena, Aieteko etorkizunari buruzkoa; eta, azkena, beste omenaldi batean botatako bertsoa.
LEDE FERREIRA

Deja un comentario