Bertsolaritza eta musika uztartuko dituzte Aieteko Bertshow saioan

Azken urteetako ohiturari jarraipena emanez, Bertshow bertso saio musikatua egingo dute bihar, Aieteko Jolastokin. 17:00etan auzoko jolasak egongo dira, eta 19:00etan bertso musikatua hasiko da. Euria eginez gero ikuskizuna Katxolan egingo litzateke.

Bertsolariak Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Jokin Labayen eta Manex Mujika izango dira. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Gorka Segurola ariko da, eta musikariak Imanol Solores eta Beñat Antxustegi donostiarrak izango dira. Emanaldiak ordu eta hiru laurden inguruko iraupena izango du.

Bertshow bertso saio musikatuaren oinarrian Hamaika Bertute taldea dago. Beraien ekimenez sortu zuten ikuskizuna duela lau bat urte. Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere eskaini dute saioa. Hain zuzen ere, duela bi urteko udan AEBetako Boise eta Los Angeles artean ibili ziren ikuskizuna eskaintzen.

Bertsolariak eta musikariak aldatu egiten dira tarteka. Esaterako, Aieteko ikuskizunean Imanol Solores musikaria estreinako aldiz ariko da, Beñat Antxustegirekin batera.

Saioak badu bere berezitasuna. Bertsoak musikaz lagunduta eta bertsolaritzarenak ez diren doinuekin aritzen dira bertsolariak. Horrek giro berezi bat sortzen du, eta aproposa da bertsoak entzutera ohitua ez dagoenarentzako

Un comentario en “Bertsolaritza eta musika uztartuko dituzte Aieteko Bertshow saioan

Responder a LuisaCancelar respuesta