«Perretxikoak, onddo beltz eta zuriak, gorringoak, ziza horiak… parajea zoragarria da»

60 hektareako berdegunea

Miramongo basoan hainbat obra eta aldaketa egin dituzte hamar hilabetez, biodibertsitatea zabaldu eta ahalik eta jende gehienarengana zabaltzeko; pozik dago Aieteko auzo elkartea moldaketekin.

Donostiarrei eta ingurukoei Miramongo basoa ezagutaraztea du helburu Aieteko Lantxabe auzo elkarteak. Urteak damatzate lanean hainbat bizilagunek basoaren kontserbazio egokiaren alde, eta hilabete honetan bertan zabaldu dute ofizialki, hainbat moldaketa egin ostean. Hain justu, hamar hilabetez aritu da bertan lanean Obegisa enpresa, Lur Paisajistak, Lantxabe auzo elkartea eta Donostiako udalak adostutako lanak eginez. Angel Alberdi auzo elkarteko kidearekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak: «Donostiak duen basorik politenetakoa da. Hirurogei hektarea ditu, hiru erreka daude barnean, eta paseatzeko leku zoragarria da, batez ere, orain, eguraldi onarekin».

Biodibertsitatea berreskuratzea zuten berrikuntzako helburuen artean. Horrela, habiak eraiki dituzte, animaliak erakartzeko, eta landare berriak landatu. «Ehun urte baino gehiago dituzten haritzak ikus daitezke, urmaela ere berritu dute eta oso polita geratu da. Gainera, azpimarratzekoa da edonor ibili daitekeela; bai oinezkoak, bai txirrindulariak, eta bai gurpildun aulkian dabiltzanak. Basoa da, ez da parkea, eta izaera hori mantendu nahi diogu».

Berrikuntzak egitean, ia 200 zuhaitz bota zituzten, «ez zirelako ingururako egokiak»: aketz faltsuak, erramuak, altzak… Haien tokian, hemengo arbolak jarri dituzte: lizarrak, gaztainondoak, gereziondoak, hurritzak, astigarrak… «Gorostiak eta oraindik Altzak ere ikus daitezke. 251 sagarrondo ere landatu ditugu, eta, laster, horko sagarrekin egingo dugu sagardoa Katxolan». Gainera, biodibertsitate horretan, mota askotako arbolez gain, bestelakoak ere topa daitezkeela dio Alberdik: «Perretxikoak, onddo beltz eta zuriak, gorringoak, ziza horiak… parajea zoragarria da». Animaliak ere aipatu ditu: «Igelak, trikuak, untxiak, muxar grisak… oraindik ez dugu basurderik ikusi, baina kattagorriak bai, eta sugeak ere bai». Txorien aniztasuna ere goraipatu du: «okil handia, txantxangorria, txepetxa, kazkabeltza… saguzarrak ere badabiltza».

Lanen artean, Pakea errekako urmaela berreskuratu dute; Gallastegi frontoiaren eta anfiteatroaren inguruan dago: «Urmaelak 650 metro karratu ditu, eta metro eta erdi sakonean, aberastasun handia du». Pasabide berriak, berriz, eztabaidagai izan dira. Ilunbe ingurutik jarri dute bat, eta Eureka zientzia museoaren inguruarekin lotzen du. «Pasabide berria oso polita geratu da, eta oso ongi integratzen da basoan. Amarakoek erraztasuna izango dute baso osoa ikusteko. Niri ere basoak gehiago gustatzen zaizkit garbi, esku hartzerik gabe, baina zahartzen garenean ere ibili nahiko dugu. Oso harro gaude».

Bisita gidatuak

Pozik dago orokorrean aldaketekin Alberdi, gauzak hobeto egin zitezkeela uste duen arren. «Pozik gaude, gauza asko egin dituztelako, baina bere garaian udalak aurrekontua murriztu zuen, eta ezin dira aldaketa gehiago egin momentuz». Guztira, udalak 820.000 euro bideratu ditu Miramongo basoa birgaitzeko, eta, orain, Katxola baserria egokitzea falta zaie, hori izango baita basoaren interpretazio gunea. «Miramongo Basoaren Lagunen Elkartea osatu dugu, eta jende guztia animatzen dugu kide egitera, ez dugu kuotarik kobratzen. Buruan dugu bisita gidatuak egitea, eta maiatzaren 11n egingo dugu lehenengoa, ornitologo batekin».

Estitxu Zabala

Deja un comentario