Ekoguneko Baratze Parkeko itxarote-poltsa, zabalik

Sortzen diren bajak zerrenda horretarako hautatuak izango direnekin beteko dira. Apirilaren 15a arte eman daiteke izenaApirilaren 15a arte eman daiteke izena Ekoguneko Baratze Parkean sortzen diren bajak betetzeko helburuarekin sortu zen itxarote-poltsan. Izena emateko formularioa eta ziurtagiria hemen daude, eta eskaerak jaso eta aztertu ondoren, maiatzean zintzilikatuko dute itxarote-poltsa berrien informazio guztia Ekogunearen webgunean.

Sareko beste baratzeetan bezalaxe, Donostian kokatuta dagoen honetan ere autokontsumora bideratutako baratzezaintza ekologikoa egiteko aukera dute erabiltzaileek. Izan ere, elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoarekin 2012 urtean Baratze Parkeen Sarea martxan jarri zenetik etengabe joan da hedatzen Gipuzkoa osora. Hala, kopurua handitzen doaeta Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, Urnieta eta Berrobiko Baratze Parkeei, oraintxe gehitu zaie Irun eta Villabonakoa. Aste gutxi barru, berriz, Ikaztegieta eta Beasaingoak ere prest egongo dira. Aurten orotara, 1.120 partzela eta 5.820 m2-tara iritsiko da Sarea.

Ekoguneko Baratze Parkeko lursail bat eskuratzeko bete beharreko baldintzak honako hauek dira: Donostia, Lasarte edo Hernanin erroldatuta egotea; beste baratze bateko erabiltzaile den bizikidetza unitateko kidea ez izatea; eskatzaileak edo bizikidetza unitateko beste kide batek Donostian, Lasarten edo Hernaniko herrietan nekazaritzarako egokia den lursailik ez izatea eta Kutxabank-eko bezeroa izatea.

Bizikidetza unitate bereko pertsona bat baino gehiagok eskatu dezakete partzela Ekoguneko Baratze Parkean. Hala ere, kide bati lursaila adjudikatu bezain pronto, bizikidetza unitate bereko beste kideak itxarote poltsatik kanpo geratuko dira.

Arrendamenduaren gehienezko epea 4 urtekoa da. Erabiltzaileek EKOBAPEko kideak izan beharko dute (Ekoguneko Baratze Parkeko Erabiltzaileen Elkartea) eta errespetatu eta bete beharko dute ezarritako Araudia. Pertsona bera apuntatu daiteke lursail mota desberdinetan. 30 m2-ko lursailagatik 15 euro ordaindu behar dira hilean, 60 m2-koagatik 25 eta behar bereziak dituzten pertsonentzako lursail egokituengatik 10. Arrendamenduaz gain, Kutxa Ekoguneak oinarrizko ikastaroa doan, formazioan beherapenak, doako tailerretan parte hartzeko aukerak, aholkularitza zuzena, informazioa eta gomendioak, eta beste zenbait zerbitzu eskaintzen dizkio erabiltzaileari.

Deja un comentario