Bide luzea eta gogorra egiten du

http://www.kutxateka.com/item/573

Ezin hobe funtzionatzen duen saneamendu sistema du Donostiak, Añarbeko Urak-en eskutik. Ura, ordea, eskasian egon da maiz hirian, eta garai askotako agintariek arazoa konpontzeko baliabideak lortu behar izan dituzte.

Historia luzea du ur edangarriaren irismenak Donostian. Duela hogei urte hartu zuen bere gain Añarbeko Urak-ek uraren kudeaketa eta garbiketa, eta biztanleriarentzat gauzarik ohikoena da etxeko edozein iturri ireki eta handik ura ateratzea. Fermin Muñozen Edateko ura Donostiako historian liburuaren arabera, ordea, ur gabezia handia egon da hirian urte askoan, eta agintariei buruko min handiak ekarri zizkien arazoa konpontzeak.

Hainbat jatorritatik lortu dute ura 1566tik, donostiarrei banatzeko: Olarain, Morlans, Moneda eta Lapazandegi, Errotazar, Txoritokieta… Goiko irudian, Morlansko akueduktua ikus daiteke, osasunaren iturriaren pasealekuan, 1870ean. Akueduktuek garraiatzen zuten ura lehenengo, eta, ondoren, hodiak iritsi ziren, 1830 eta 1850 urteen bueltan. Gainera, oraindik ere jatorrizko hodi horietako batzuk kontserbatzen dira. Ura iturrietara bideratzen zuen sistemak, eta, ondoren, ibaietara edo itsasora itzultzen zuen, zuzenean. Azkenean, 1970ean hasi ziren urari nolabaiteko garbiketa prozesua egiten, itsasora itzuli aurretik.

1968an,Añarbeko Urtegiko Uren Udal Mankomunitatea sortu zuten, eta 1997tik Añarbeko Urak-ek darama kudeaketa. Hamar udalerrik osatzen dute: Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, Usurbil, Lezo eta Astigarraga. Eskema orokorraren bihotza Loiolan dago, Hondakin uren araztegian (HUA) –beheko irudian–. Lehen, Kapueneko harrobia zegoen leku horretan, eta arduradunen hitzetan, zaila izan zen halako toki bat topatzen, hirigunetik oso urruti egon gabe, eta zabala.

Etxeetako eta industrietako hondakin urak biltzen dituzte Loiolan, baita euri uren zati bat ere; horrela, guztia garbitu, eta berriro ere itsasora itzultzen dute. Eguneko emaria 100.000 metro kubikotik gorakoa da, Gipuzkoako biztanleen erdiari dagokiona gutxi gorabehera. Garbiketa prozesuan, 4.000 tona lohi ateratzen dituzte urtean. Materiari emandako tratamendu bereziari esker, nekazaritzan ongarri bezala erabiltzeko moduko materia berria sortzen dute. Ur kantitatearen gehiengoa kentzen diote azken produktua lortzeko, eta lurrezko pilota txikitxoak bihurtzen dituzte.

Prozesuan, azken batean, ur garbia bihurtzen dute kutsatutako ura, hainbat fase igaro ostean. Zikinkeria handiena eskuz kentzen hasten dute prozesua, gero, makina batzuetan zikinkeri txikienak ere kentzen diote, eta, ondoren, kimikoki eta biologikoki tratatzen dute. Egungo garbiketarako makinek 12 urte dituzte, eta urtero piezaren bat berritu behar izaten dute, ur zikinak metala ere jaten duelako pixkanaka.

75.000 metro, lurperatuta

Sistema horrek guztiak funtziona dezan, imajinatzen ez dugun beste Donostia bat dago gure oinen azpian. Urazpitik 50 metro ingurura dago kolektore-sarea, 75.289 metro ditu, eta 38 ponpaketa gune. Sekulako tunelak dira, auto txiki bat igarotzeko modukoak. Loiolako topo geltokiaren azpian, esaterako, 2 metroko diametroa duen hodi bat dago, eta handik grabitatearen indarrak bultzatuta, Mompasera joaten da. Mompasen Añarberen beste instalazio bat dago, eta bertatik itzultzen dute itsasora ura. Ur edangarria lortzeko prozesu luzeagoa da, eta Astigarragako Petritegi sagardotegiaren ondoan duten eraikinean egiten dute hori.

Edonola, bide luzea eta gogorra urak egin beharrekoa. Lehengai preziatua, ezbairik gabe.

Estitxu Zabala HITZA

Deja un comentario