Bi jarduera, Manuel Matxain omentzeko

Esta tarde, en el Centro Cultural de Aiete, 18:30; dos actividades, en recuerdo de Manuel Matxain

Erakusketa bat eta bertso lehiaketa bat

Ehun urte pasa dira Manuel Matxain Aieteko bizilaguna, bertsolaria eta kirolaria jaio zela. Hura omentzeko eta oroitzeko bi jarduera antolatu dituzte: erakusketa bat eta bertso lehiaketa bat.

Ehun urte beteko zituen urtarrilaren 13an Manuel Matxain (1916-1999) Aieteko bertsolari, gai jartzaile eta kirolariak. Urteurrena baliatuz, bertso lehiaketa bat eta erakusketa bat antolatu dituzte, Aieteko bizilaguna omentzeko. Matxainen ehungarren urteurrena ospatzeko programazio zabala prestatu dute bizilagunek. Urrian hasi zituzten jarduerak eta oraindik omenaldiekin jarraitzen dute.

Manuel Matxain Aietearraren bizitza izeneko erakusketa Aieteko Kultur Etxean egongo da ikusgai. Gaur inauguratuko dute erakusketa eta hilabete osoan zehar egongo da zabalik. Manolo Garcia, industria injeniaria izan da erakusketaren komisarioa.

Erakusketaren helburua Matxainen bizitza gogoratu, omendu eta ospatzea dela azaldu dute Lantxabe auzo elkarteko kideek: «Matxain auzoko pertsonaia esanguratsu eta sinbolikoa zen».

Eneko Goia alkatea izango da inaugurazio ekitaldian eta Mari Carmen Garmendia Eusko Jaurlaritzako kultura aholkulari ohiak aurkeztuko du; gainera, Iñigo Alberdi Matxainen bilobak bertso batzuk eskainiko dizkio aitonari.

Erakusketak Matxainen zaletasun eta abilezia ugari jasotzen ditu: «Askatasunaren defendatzailea, gai jartzailea, bertsolaria, tokalaria, bolaria, korrikalaria eta plaza gizona zen». Antolatzaileek azaldu dute Matxainen bizitza «gaur egungo gizartearen ispilu» izan dela. Erakusketa Aieteko kultur etxearen sarreran egongo da, eta beraz, kultur etxea erabiltzen duen jende guztiak ikusi ahal izango du.

Erakusketako piezarik esanguratsuenetako bat da Jose Lopetegik 1979an Matxaini egindako bustoa. Berak egindako bustoa da, esaterako, Raimundo Sarriegirena ere.

Bestalde, Manuel Matxain Eskolekin Bertso paper lehiaketa antolatu dute Axular Lizeoa eta Aiete Ikastetxea 9 eta 11 urte bitarteko ikasleentzat.

Ikasleek abenduan eta urtarrilean osatu zituzten bertso sortak. Hauek, Manuel Matxainen bizitzari buruzkoak izan behar zuten. Sari banaketa otsailaren 3an egingo dute, Matxainen erakusketarekin batera: «Bertso oso sentituak eta politak egin dituzte gaztetxoek eta saila izango da bat aukeratzea».

Erakusketa eta bertso lehiaketa Manuel Matxainen omenaldiaren zati bat gehiago direla azaldu dute. Izan ere, bi egitasmo hauez gain, beste zenbait jarduera antolatu dituzte Matxain gogoratzeko eta omentzeko.

Omenaldi ugari

Urriaren 12an hasi ziren omenaldiekin: Jolastokin egin zuten bertso ikastaro bat Matxain omentzeko;ondoren, Munto plazaren inaugurazioa baliatuz, toka txapelketa bat antolatu zuten; Gurutzaga abesbatzak kontzertua ere eskaini zion; eta azkenik, bertso saio bat ere egin zuten Aieteko bizilagunaren omenez ,bertan abestu zuten Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Oiarzabal Xamoa eta Agin Laburuk.

Abenduan, berriz, Manuel Matxainen inguruko solasaldia egin zuten Aieten. Solasaldian argazki zaharrak ikusi eta ahots grabazioak eta bideo laburrak ikusteko eta entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Ehun urte igaro badira ere argi dago auzoak ez duela Matxain ahazten. Urriaren 12an hasi zituzten omenaldiak eta oraindik bizilaguna oroitzen eta omentzen jarraitzen dute.

Ehun urte pasa ondoren oso bizirik jarraitzen du auzoan Manuel Matxain bertsolari eta kirolariak. Hori dela eta, Matxainen etxea zenaren aurrean Toka izeneko hiru metroko eskultura bat jarri nahi dute. Eskulturaren maketa Joxean Diaz Quebedok egin du eta erakusketan egongo da ikusgai. Orain, Donostia Kulturaren erantzunaren zain daude eskultura ahalik eta azkarren Aieteko parkean jarri ahal izateko.

Malen Aldalur

Deja un comentario