Eranskailutik errauskailura

2017-01-10 / Elixabete Garmendia Lasa

import DEBAHura izan zen lehen eranskailua, inguru honetan behintzat: laino bikoitz moduko bat —leherketa nuklearren irudiak gogorarazten zituena— eta ezezko errepikatua: EZ EZ EZ, EZ DEBA NUCLEAR (sic); zuri-beltzean, handik aurrera hain ezagun egin zitzaigun Eduardo Txillidaren estilo grafiko indartsu hartan. Eranskailu izena gerora asmatu zuen norbaitek, orduan pegatina deitzen zitzaion, eta gaztelaniazko izen hori ere berria zen guretzat; are gehiago, izana. Alegia, paparrean —edo karpetan, edo autoaren atzeko kristalean- eransteko paper pusketa aldarrikatzailearena.

EZ, EZ, EZ Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia idatzi eta kaleratu berri dute (Elkar, 2016) mugimendu haren bihotzean egon ziren hiru lagunek: Jose Mari Izagak, Pako Salegik eta Carmelo Urdangarinek. Kontaketak lehen eskukoa izatearen abantaila du, eta horrela, egileek bildutako txosten eta dokumentu ugarien tartean sumatzen da, tantaka, momentu hartan bizi izandakoaren pasioa. Ukitu literario eta guzti: Pío Barojak Las inquietudes de Shanti Andia nobelan agertzen duen Luzaro izeneko herria Deba da. Luzaro izena zuen Debako Gazteen Zentroak argitaratzen zuen aldizkariak, eta hura izan zen nuklearren aurkako mugimenduaren bozgorailuetako bat.

1973ko udan hasi omen zen zabaltzen zurrumurrua Iberduerok zentral nuklear bat eraiki nahi zuela Deba eta Zumaia arteko itsasertzean. Hango baserritar batzuei etxeak eta lurrak erosteko proposamena egin zieten, bitartekarien bidez, eta baita lortu ere kasu batzuetan, lau xoxen truke. Laster, urriaren 22an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jakinarazi zuen albistea. «Baieztapen ofizial horrek zeresan handia eman zuen herrian. Ordurako makinak zeuden gune hartan, lurrak mugitzen ari ziren eta abar. Kezka eragin zuen gertatzen ari zenak; gainera, Debako Udalaren baimenik gabe ari ziren. Proiektuaren berri izan ostean, harridurak eraginda, batzorde bat eratu zuen herritar talde batek, 1973ko amaieran». Hortik aurrerakoa herri mugimenduen historiako lezio paradigmatiko bat da, bere atzera-aurrera eta gorabehera guztiekin.

maqullaje-terroR

Kontua da azkenaldian behin eta berriz zetorkidala gogora, inpentsan, Debako eta Lemoizko zentral nuklearren kontrako mugimenduen oihartzuna. Déjà vu sentsazioa, historia errepikatzen ari ote den, tamalez. Orduan zentral nuklearra zena orain erraustegia da. Duela berrogeita lau urte Arrisku Nuklearraren Aurkako Batzordea edo Euskal Kostalde Ez Nuklearra izan zirenak gaur egun GuraSOS, Zero Zabor, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea eta Aiztondoko plataforma dira. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko arduradunei eta Diputazioko agintariei eman behar lieke zer pentsa eskema honetan jokatzen duten paperak: Francoren Espainia hartako Administrazioaren eta Iberdueroren pareko.

Duela aste batzuk Euskadi Irratia aritu da emititzen Gipuzkoako Diputazioaren iragarki bat; gizonezko baten eta emakumezko baten arteko elkarrizketa bat zen, hauxe gutxi gorabehera: «Uff, usain txarrak? Akabo! Zabortegia bukatu da!». Eta aritu dira ematen iragarki hori Mutiloako Lurpe hondakin industrialen biltegia Gipuzkoako errefusarentzako zabortegi bihurtuko dutela iragarri ondoren. Eta hori, 1973an Debako zentralerako lanak Udalaren baimenik gabe hasi zituzten bezala, erabakia Mutiloako Udalari txintik ere esan gabe hartu dutenean. Iragarkiak ez du luzaz iraun antenan, baina hor geratu da komunikazio irristada antologikoa. Izan ere, dabilenari gertatzen zaio eta, batez ere, gezurretan dabilenean.

berriaB

Deja un comentario