Janztetik janztera, lau trapuko aldea

Erakusketa2-245x300Nork: Agurtzane Altuna

Euskal jantziak armairuetatik ateratzeko egunak datoz: santomasak, Eguberriak… Baina ba ote dakigu egoki janzten; zein jantzi dagokion egunari aukeratzen; edo elegante joateko zapi egokienak aukeratzen.

Elegante!, horixe da Aiete kultur etxean datorren astetik aurrera ikusgai egongo den erakusketaren izena. Garai bateko baserritarren jantziak jarriko dituzte bertan, eta nekazariak, edo baserritarrak izanik ere, elegante janzten bazekitela erakutsiko dute.

Egutegiko orriak agortu dira, heldu gara azkenera, eta datozen egunak ikusita, agian bati baino gehiagori primeran etorriko zaio euskal jantzien erakusketa. Izan ere, San Tomas eguna, Olentzerori ongietorria, Mari Domingiri abesteko eguna…, ‘Baserritar jantziak’ jartzen duen poltsa armairutik ateratzeko egunak datoz.

Baina benetan ba ote dakigu jantzi hauek noiztik erabiltzen diren; zenbat diren oinarrizkoak; nola jantzi behar diren… Ez baita aski lau trapu zahar hartu eta edonola janztea. Euskal jantziak ez baitira mozorroak; euskal kulturaren sinbolo dira.

Garrantzia horixe nabarmendu ohi du Ane Albisu donostiarrak ere. Atondu liburuan jaso ditu euskal jantzi tradizionalen jatorri, ezaugarri eta berezitasun guztiak. Albisuren ustez, zer janzten den aukeratzea bezain garrantzitsua da nola janzten den zaintzea; atontzea edo prestatzea. Helburu horrekin tematurik igaro ditu Euskal Herriko herri eta plazak, euskal folkloreaz eta bereziki jantziez ikertu duen hori erakusten ikasi nahi duenari. Datorren astean, abenduak 13, Antiguako merkatu zaharrean izango da euskal jantzien inguruko hitzaldi bat emateko.

Txapela buruan

Brusa, gona luzea, atorra, mantelina, gonazpikoa, buruko zapia, lepokoa, txapela eta gerrikoa. Artillezko galtzerdiak, abarkak, pololoak eta gerruntzea. Elementu asko izan ditzakete euskal jantziek, eta herri batetik bestera alde nabarmena dago gainera. Jantzi batzuk lanerako erabiltzen zituzten, beste batzuk ospakizunetarako edo dantzarako.

60. eta 70. hamarkadak arte jostunak arduratzen ziren jantziak egiteaz, eta behin bat eginda, hainbat moldaketa egiten ziren oihalak aprobetxatzeko. Orain JantziAgain dena, bizirauteko teknika zuten gure birramonek.

Moda armairuan sartu zenean aldatu zen egoera. Modak aldatu zuen gonen luzera, eta agerian jarri zituen parpailak. Modak aldatu zituen ohiko baserritar jantzien kolore ilunak, eta kolorez bete zituen erakusleihoak.

Gaur egun modan jarri da baserritar jantziz ospatzea ezkontzak, adibidez. Soinean dugun brusa hori nongoa, noizkoa edo noiz erabiltzen zuten jakin ere egin gabe.

Modak berreskuratu ditu berriro ere kaikuak; soinean janzteko kaikuak. Ikutu berezi bat eta marketin estrategia on batekin modan jarri dira armairu atzean zeuden jaka potoloak.

Txapela eta buruko zapia omen ziren herritarrak hobekien deskribatzen zituzten jantziak. Orain, eta batez ere festa giroan ordu batzuk eramanik, txapelek militarren okerdura bera hartzen dute.

Emakumeen zapiek erakusten zuten ezkondua zen, ezkongabea, alarguna edo neskatila. Orain nahiko lan ideiak ere estutzeraino lotzearekin, goiz osoa bere lekuan iraungo duen esperatzan.

Salbuespenak salbu, noski, baserritar jantziak mimo handiz janzten dituenik ere bada, eta eskerrak haiei.

logoa-irutxulo

Deja un comentario