Puio Igeldoren anaia txikia

PUIOAzaroaren 16an, 19:00etan, Enrique Ponte arkitekto donostiarrak funikularraren inguruko hitzaldi bat emango du Gipuzkoako Burnibidearen Lagunen Elkartearen egoitzan, Amaran.

Nafarroan bada Puiu deritzon herri bat. Hain da aldapatsua, oiloei pardela jartzen baitieten, arraultzak goitik behera jausi ez daitezen. Donostian ere bada Puio, hiriaren gain eder bezain ezkutu batean. Han oiloek urrezko arrautzak erruten zituzten.

Jauregi eder eder bat eraiki zuten Puio gainean eta inor gutxik ezagutzen duen maitasun istorio triste bat gertatu zen bertan. Ameriketan dirutza egin eta hiriburura etorritako indiano batek, Pedro Wenceslao Ordokik eraiki zuen jauregia. Eta gainera, erdigunetik urruti samar geratzen zenez, funikular bat ere eraikiarazi zuen Ordoki jaunak, jauregitik hirigunera jaisteko. Garaiko gainerako handi-mandiek espresuki kafea hartzera jaisteko eraiki zuela esan ohi zuten, baina, ez. Etxeko emazteak ez zuen osasun onik, arnasketa arazoak zituen, eta emakumea hiriko girora jaisteko egin zuen; jauregiko lore bakarti bilaka ez zedin.

Igeldoren anaia txikia

1913. urtean eraiki zuten Puioko funikularra; Igeldokoa baina urtebete geroago. Errondo pasealekutik abiatzen zen, Hernanitik zetorren trenaren geltoki ondotik. Etxetxo bat ere eraiki zuten funikularraren oinetan. Eraikina zutik egon zen 1997. urteko uholdeek aurrean eraman zuten arte.

Errailen arrastoren bat oraindik ikus badaiteke ere, ez zuen luzaro iraun Puioko funikularrak, 1936ko gerraren lehen zantzuek eta jauregiko zorigaiztoko gertaerek etorritako bidetik bidali baitzuten Ordoki jauna.

Auto bakarra zuen funikularrak, familiaren beharrak asetzeko nahikoa. 100 metroko malda gainditzen zuen Errondotik Puio gainera, inguruko lorategiak gainetik pasaz.

Azaroaren 16an, 19:00etan, Enrique Ponte arkitekto donostiarrak funikularraren inguruko hitzaldi bat emango du Gipuzkoako Burnibidearen Lagunen Elkartearen egoitzan, Amaran. Ordoki indianoaren oinordekoa da Ponte, eta familiako artxiboekin eta bere ikerketa lanekin osatuko du emanaldia.

Burdinbidearen xehetasunak eskainiko ditu, funtzionamendua, datu teknikoak eta izandako erabilera. Eta agian baita Puion gora eta behera ibili ohi zen familiaren inguruko bitxikeriaren bat ere, asko baitira zirrikituak.

Galdetu bestela funikularraren etxetxoko bizilagunei. Bertako langileak sarritan igotzen ziren Puio gaineko lorategietara. Hiriko beste hainbat txoko bezalaxe, Pierre Ducassek diseinatu zituen Puioko berdeguneak, Maria Elba jauregiko andereak hala eskatuta.

Izan ere, Puiok ondoan du Aieteko parkea, eta Elbak miresmenez begiratzen zion bertan bizi zen Baenako dukesari; dukesari eta baita inguruari ere. Dukesak bezalako lorategiak nahi zituen indianoaren emazteak, eta hala egin zizkioten.

Lore eta landare guztien artean, heriotzorriak zituen bereizgarri Puioko jauregiko lorategiak. Landare arrotza ordurarte inguruan, eta euskaraz bere arriskua iragartzen badu ere, garai hartan gaztelerazko izenak -adelfa- txunditu zituen nonbait, usain gozo eta kolore biziek bezainbeste.

Landare dotoreek ingurua bete zuten kolorez, baina familiaren bihotza beltzez tindatu zuten. Ordokitarrek seme bakarra izan zuten. Heriotzorrien lorea pozoitsuak dira, eta horiek janda hil zen mutikoa. Ama gaixoak ez zuen ordutik onik izan. Kuaderno zuria hartu eta heriotzorriak marrazten igarotzen zituen orduak, egunak. Halako landare dotore batek haur baten arima nola pozoin zezakeen sinistu ezinik. Landare pozoitsuaren ondoan emandako orduek ez omen zien onik egin emakumearen arnasketa arazoei, baina tristurak hil zuen.

Urrezko arrautzek ez zuten zorionik ekarri Puiora, eta lorategi ederrek ere ez zuten apaindu hango zorigaitza. Emaztea eta semea galdurik, Argentinara itzuli zen Ordoki jauna.

Itxirik eta isilik geratu zen jauregi dotorea. Eskuz esku, jabez jabe ibili ondoren, komentu eta barneko isiltasuna kudeatzen duen espiritualitatearen etxe bilakatu da lehen jauregi zena.

Lorategiek bere horretan jarraitzen dute, goitik begiratuz hiriari. Isiltasun bila, sosegu bila inguratzen diren oinezkoen arnasgune bilakatu da Puioko jauregi ingurua orain. Eta lantzean behin, baita munduaren begietatik babestu eta isil-isilik ihesi joandako maitaleen txoko ezkutu ere, atzeko jauregia maitasun istorio tristeenaren lekuko izan zenik ohartu ere egin gabe.

Agurtzane Altuna

logoa-irutxulo

Deja un comentario