«Aiete nahasketa bat zen: erdi nekazaria, erdi aristokratikoa»

BERRIOCHOAAtzera begira jarri da ‘Aiete: caserios, casas y familias’ liburua idazterakoan. Garai batean auzoan zeuden baserrietakoen eta auzotarren ahotsak bildu ditu bere laugarren liburu honetan.

Irakaslea da eta hogei urte dira Donostiara bizitzera etorri zenetik. Baina argi utzi du Urretxukoa dela, eta guk idazlea delako elkarrizketatu dugu.

Nondik sortu zen liburu hau idazteko ideia?

Lantxabe auzo elkarteak eta Felix Perezek proposatu zidaten. Jakin gabe zer aterako zen, baiezkoa eman eta buru belarri jarri nintzen proiektuarekin.

Auzo elkarteak egitasmo asko antolatu ditu azken aldian Aietek garai batean zuen identitatea berreskuratzeko: Katxola sagardotegian sagarra eta sagardoari buruzko jarduerak egin dituzte, eta Manuel Matxain bertsolariaren mendeurrena gogoratu dute, besteak beste. Hau beste harritxo txiki bat da prozesu horretan.

Nola jaso duzu informazioa?

Ni ez naiz Aietekoa, eta beraz ezer gutxi nekien Aieteri buruz. Are gutxiago bertako jendeari buruz, ez bainuen inor ezagutzen. Ondorioz, auzotarrek asko lagundu didate, auzolanean egindako liburu bat da. Bereziki bi aipatzen ditut: Begoña Egurrola batetik, bera delako liburu honen sustatzailea eta bultzatzailea, eta Mari Karmen Illarreta bestetik, kontaktu asko lortu dituelako.

Behin jendea identifikatuta, baserritarrekin elkarrizketak egin ditugu, 40tik gora. Eta testigantza horien bitartez euren bizitoki eta baserrien memoria bat egin dugu, beraien familien eta bizimoduen memoria bat.

Liburua hiru zatitan dago banatuta. Zer aurkituko dugu zati bakoitzean?

Letra asko eta 71 argazki dituen hiru zatitan banatuta dagoen liburu bat da. Lehen zatian, Aiete auzoaren eraikuntzari buruz hitz egiten dut. Aiete duela 50 urte, Franco hil zenean, nekazarien auzo bat zen, gaur egun, ordea, ez du baserririk. Aiete auzo bezala ez zen existitzen. Ez zuen frontoirik, plazarik, ezer ere ez! Elizak eraiki zuen auzo bat da. Laburbilduz, ez izatetik izateraino egin zuen bidea azaltzen dut.

Bigarren atalean, 40tik gora baserri horien ezaugarri orokorrak aurkituko ditugu. Eta hirugarren atalean, saiakera formatu batean eta fikziora iritsi gabe, elkarrizketa horietatik hartutako ezaugarriak eta argazkiak daude.

Nondik lortu dituzu argazkiak?

Ba azken zati honetakoak protagonistak utzitako argazkiak dira. Eta lehen zatikoak artxiboetatik hartuak dira. Joxean Diaz Quevedo aipatu nahi nuke, izugarri lagundu didalako.

Zailtasunak izan dituzu informazioa jasotzeko?

Ez, informazioa jasotzeko ez. Ikusi dut baserritarrak oso irekiak direla. Hiritarragoak direnak, aldiz, lotsa gehiago dute horrelako kontuetarako. Diru laguntzak lortzea, ordea, zaila izan da. Erakunde publikoek ez dute laguntzen. Donostia Kulturakoen erantzunaren zain nago oraindik! Garai batean udalak, diputazioak eta Kutxak lan asko egiten zuten liburuak argitaratzeko. Gaur egun ezer ez.

Zer deskubritu duzu Aieteri buruz?

Liburu asko irakurri ditut: 1936ko gerrari buruz, errepresioari buruz, inmigrazioa, gaskoien kolonizazioari buruz… Donostiartasunaren errebalida bat egitea izan da niretzat liburu hau idaztea.

Hemengoek nola bizi izan dute Aieteren bilakaera?

Bertakoek faltan botatzen dute garai bateko Aiete. Batez ere bi arrazoirengatik: bata, komunitatearen faltagatik. Lehen, dena auzolanean egiten zen. Orain, denak dira anonimoak, ez duzu ondokoa ezagutzen. Bestetik, natur espazioen gabezia. Nahiz eta gaur egun oso auzo irekia izan, dena da grisa, zementoa.

Liburua salgai dago. Uste duzu Aietekoa ez den norbaitentzat interesgarria izango dela liburu hau?

Liburua Etxadiko liburutegi txiki batean aurki daiteke 10 euroren truke. Bestalde, egia da auzoan dagoela zentratua, eta ikusi besterik ez dago aurkeztu nuenean nolako harrera izan zuen. Aretoa bete zen! Ez nuen espero! Baina Clifford Geertz antropologoak zioen bezala, ‘Nik lan egiten dut ez herrixkei buruz, baizik eta herrixketan’. Hau da, auzo liburu bat da, baina Donostiako, Espainiako eta munduko historia azaltzen da auzoari lotuta. Inmigrazioa, medikuak, apaizak, alkateak, estatu buruak (Franco, Maria Kristina Erregina, Viktoria I. enperatriza). Nekazarien historia gustatzen zait, baina historia orokorrean txertatuta.

«Aieteko baserriek ezaugarri bereziak zituzten»

Ezaugarri berezi horiek arrazoi bakarra zuten: Donostiatik gertu zeudela. «Hiritik oso gertu egoteak ematen zizkien ezaugarri berezi horiek», dio Berriotxoak. Hiriaren itzala nabaria zuten hainbat ezaugarrietan.

Donostiako merkatutik gertu egoteak, merkantziak garraiatzea ahalbidetzen zien baserritarrei. Horrela «gizonezkoek idien laguntzarekin gasa, portuko materialak eta Igeldoko harrobietako harriak garraiatzen zituzten», azaldu du idazleak. Baina ez zen hau gizonezkoek egiten zuten lan bakarra, garbiketa ere euren esku baitzegoen. «Hondartzak eurek garbitzen zituzten eta kaleak ere bai. Gero zakar horretatik baserrirako ongarria lortzen zuten gainera», gogoratu du.

Emakumeek ere egiten zuten lan, hauek «hoteletako eta ostatuetako maindireak garbitu, lehortu eta tolestu egiten zituzten».

Horrekin guztiarekin Pedro Berriotxoak argi utzi nahi izan du «baserritarrak ez zirela baserritar egun osoz, denbora osoz, baizik eta aldi batean». Beste modu batera esanda, kanpoan egiten zuten lan eta baserria bizileku bezala zuten.

Miren Azkarate

logoa-irutxulo

Deja un comentario