Sagar festa egingo dute bihar, Aieteko Katxola baserrian

17:30ean hasiko dira

Udazkenak sagar usaina duela esan ohi da askotan, eta neguak, berriz, sagardo zaporea. Baten ondoren dator bestea; bai urtaroen kasuan, eta baita fruitutik muztioa arteko prozesuan ere.

katxola

Lan handia egin behar izaten da txotx garaiaren aurretik, ordea, eta lan horretan dagoeneko eskarmentu handia dute Aieten. Munto baserriko tolarea berreskuratu eta Katxola baserrian jarri zutenetik, sagardoa egiteko modu tradizionalari eutsi diote. Eta lana edo lanbidea belaunaldi berrietara iritsi dadin, festa giroan egiten dute garai batean urteko lanik gogorrena zena.

Hala, sagar festa ospatuko dute bihar arratsaldean, Katxola baserrian. Irailean, auzoko festetan, Kutxa Ekoguneko Zabalegi baserrian bildutako sagarrak prentsatuko dituzte, eta topa egingo dute lehen zukuekin.

Fruitua zuku bihurtzeko prozesuak luze jotzen du, ordea; lau bat ordu guztira. 16:00etan hasiko dira lehen prentsaketa egiten, eta 17:30ean hasiko dira bigarrenarekin. Ordurako egin diete sagardogintza gertutik ezagutu nahi duten auzotar eta bisitariei gonbita.

Sagarraren inguruko jai herrikoia jendetsua eta arrakastatsua izatea espero dute, inoiz baino auzoko eragile gehiagok parte hartuko baitute.

Sagardo_apurua

Tolare zaharrak bere lanean diharduen bitartean, herritarrek festa giroaz gozatzeko aukera izango dute: gazteen arteko sagar probak, Ekoguneak antolatutako tailer eta jolasak, sagar erakusketa, sagardo dastaketa, gaztain eta tortila dastaketa, herri kirolak, kirikoketa eta txalaparta doinuak, toka lehiaketa…denetarik prestatu dute. Iluntzean, zizarra kupelean sartzearekin batera amaituko da festa.

Bihar prestatutako zukua kupeletan gorde eta sagardo uzta berria urtarrila erdialdetik apirila bukaera arte dastatu ahal izango da. Garai batean, kupela ireki eta hustu arte edaten zen bertatik. Gaur egun, botilatan gordetzen denez, urte guztian dasta daiteke. Dena dela, txotx garaiak badu bere xarma. Kupelez kupel, kupeltegiko sagardoak probatu eta dastatzeko aukera eskaintzen baitu.

Modu batean edo bestean, sagar eta sagardoaren historia gertuagotik ezagutzeko atea irekiko dute bihar Aieten

Agurtzane Altuna logoa-irutxulo

Deja un comentario