O, lagun Matxain, nik galdetzen det: zuk barren ortan zer dezu?

Itzaurrea

Antonio Zavala

MANUEL MATXAIN

Leenengo, Manuel Matxainen bizitzaren berri ematen da; nork eta bere billoba batek, aren alabaren seme batek —Jon Alberdi Matxain izen-abizenak— idatzia. Mutil orrek ez det uste orain arte beste idazkirik argitara eman duanik. Baiña, nik beintzat, idazle-ezpala ikusten diot. Aitonaren gora-beerak eman nai ditu, eta ortara zuzen dijoa, bere bidetik kanpora pausorik eman gabe eta esan bearrak al dan argien eta garbien adieraziz. Irakurleari zerbait jakiñerazi edo komunikatzeko gogoa egin zaio, eta orixe egiten du, alperrikako apainkeritan asi gabe. Eta esaera bada: otar bat egiten duanak eun ere egin lezazkela.

Baiña ez ditu aitonaren kontu guziak aitatzen. Ala, nik Matxaini berari entzundako gertaera batzuk adieraziko ditut orain.

Aitonak, gaztetxoa zalarik, eta billobak agertzen digunez, korrikan ere egin oi zuan, eta sari mordoska irabazi ere bai. Jaiotetxetik, Aieteko Txabolatik alegia, Donostiarako joan-etorriak egan bezela egiten omen zituan, ia-ia lurrik ikuitu ere gabe, eta ez al da ori naiko entrenamentu?

Bein, kale batean aren parean kotxe bat gelditu eta onela galdetu omen zioten:

Oye, muchacho: ¿por dónde se va a la calle tal?

Zuzenbide bat eman zioten. Eta mutillak erantzun:

Síganme ustedes.

Bera aurretik jarri zan eta korrika asi. Kotxeak atzetik segi eta Donostiako kaleetan barrena orrela joan ziran, gidaria gelditu arte.

Manuel Matxain gerratean ibilia zan, errepublika-zaleen aldetik. Etsaiaren aireplanoen bisita sarritan izaten zuten, eta egazti aiek beren ziriña bota. Bein baiño geiagotan arrantxoa jatera zijoazela etorri ere. Alakoetan, danak iges egiten zuten, gordeleku baten billa. Matxain, berriz, pertzak lurruna zeriotela zeuden tokira lasai-lasai joan, bere platera bein eta berriro bete eta ustu, eta artan segi ase-ase egin arte, aren inguruan bonbak leertzen ziran bitartean.

«Iñork ez daki bere suertea nun eta nola izango duan; bitartean, gaurko egokiera ontaz baliatu nadin» esaten zuan bere artean.

Iñoiz etzitzaion ezertxo ere gertatu, eta gerra-denborako otordurik onenak burnizko egazti oiei esker egin zituan.

Lantokia Donostian zeukanez, Aietetik arako joan-etorria egunero egin bear. Eta beti oiñez, berak ala naiago zualako. Ibillaldi oietan egosten omen zituan bere bertsoak buruko lapikoan, eta gero etxerakoan paperera pasa. Antzi±a zaarreko Aristoteles eta bere ikasleen filosofiari peripatética deitzen zaio, itz orrek paseoa edo olako zerbait esan nai dualako, eta beren burutazio sakon aiek paseatuz ausnartzen, eztabaidatzen, mamitzen eta erabakitzen zituztelako, alkarrekin itzegiñez. Ala, gure Manuel Matxainek moldatzen zituanak ere bertso peripatetikoak ziran. Olakorik bai al da besterik gure artean?

Batzuetan, ordea, etxe aldera zetorrela, kamioiren bat karga-deskargan ikusi oi zuan etxe baten aurrean. Olakoetan, gelditu, buruan zerabillen bertsogintzari utzi eta langilleei laguntzen asten zan, zelebrekeri batzuk esanez eta lagun berri aiek parre-algaraz jarriz. Iñori laguntzeko beti prest egoten zan ura.

Japoi aldera ere joan zan batean, beste lagun batzuekin. Ango telebistaren batek emengo erri-kirolak erakutsi nai omen zituan, eta bera tokalari eta bolari bezela aukeratu zuten. Itzulitakoan, alkar topo egin genduan eta onela galdetu nion:

Zer modu Japoi aldean? Lurralde ura gustatu al zaizu?

Eta aren erantzuna:

Ikusgarria da. Sinisteziña. Bai±a neretzat naiko mundua da Donostia eta bere ingurua. Naiago det emen.

Bai; jaiotako txokoa naiko mundua zan arentzat; baiña ezer gutxi bear zualako zoriontsu izateko. Zorionaren loretxoak, izan ere, gure barruan erne eta azi bear du

Zer kontatu geiago izango zuan arek, noski. Eta kontalari bikaiña zala ere badakigu arekin tratatu genduanok. Ala, ni, beintzat, pena aundi batekin gelditua naiz: ez niola eskatu bere bizitza idaztea. Ez dakit baiezkorik emango zidan; baiña liburu ederra izango zala dudarik ez det egiten. Denbora faltaren aitzekia atera dezaket; baiña esaera-pilla datorkit une ontan burura: «il da gero salda bero», «arraia pasa ondoren sarea bota», «ura joan da gero presa egin», «damua garaiz»…

Dana dala, badaki irakurleak liburu onen leen atala zer dan. Manuel Matxainen bizitza, bere billobak kontatua. Bigarren atala da, alde aundiz gaiñera, oparoena, mardulena eta aberatsena. Bera agertzeko egin baita liburua. Manuel Matxainen bertsoak danak batera eskeiñi nai izan diogu irakurleari; arek ogei ta amaika urtean, 1963-tik 1994-ra, moldatu eta papereratu zituan bertso-saillak, alegia. Bilduma ori badakigu oso-osoa izango ez dala; baiña aal dan osoena izan dedin gogotik aalegindu gera. Kontatu ditugu eta 1.170 bertso dira guzira. Bai±a gure egitekoa ez da eta ez gera asiko ura bertso-jartzaille bikaiña zala eta aren bertsoak goi-maillakoak zirala esaten. Orrela uste ez izatera, ez genduke ainbateko lana gure gain artuko. Adieraz dezagun, ordea, arek bere bertsoak argitara emateko izan zituan bideak.

Leenengo, usario zaarrari jarraituz, bertso-paperetan plazaratu zituan sail batzuk, 1965 urte inguruan: Arantzazuko Amari jarria, Kennedy zanari, Polipaso eta Errekalderen apustuari…

Oietxek eta garai artako beste jartzailleak atera zituztenak izan ziran Euskal Erriko azken bertso-paperak.

Baiña jartzaille oiek danak bereala pasa ziran aldizkari eta egunkarietara. Aldizkarietan, Zeruko Argia izan zan leku ematen ziena. Eta bai Donostiako Goiz-Argi eta Iruñeko Príncipe de Viana ere. Egunkarietan, berriz, leenengo La Voz de España eta gero El Diario Vasco. Auetarako ateak zabaldu zizkiena Basarri izango zan.

Ala, euskal bertsogintzak bide berri bat arkitu zuan, paper sueltoen aldean bentaja aundiak zituana. Batetik, jartzailleak etzuala dirurik aurreratu bear inprentari pagatzeko; bestetik, banatzeko eta saltzeko lanik ere ez; eta, irugarren, irakurleak ugaldu egiten zirala.

Erreztasun oiekin, udaran euri mardul baten ondoren ontoak bezela, nun-nai eta ugari sortu ziran bertso-jartzailleak: gure Manuel Matxain au, Segundo Kalonje, Sebastian Salaberria, Basarri, Xalbador, Inozentzio Olea, Ibaiertz, Gillermo Albisu, AtaNo, Xanti Zabala, Jose Aierbe, Martzelino Manterola, Jose Mari Lertxundi, Jose Mari Arrieta, Mondragoiko kalezaia, Txomin Garmendia, Izazpi, Rufino Iraola eta abar eta abar. Izendatu gabe dozena bat baiño geiago utziko nituan eta barka dezaidatela, arren!

Ogei ta amar bat urtean zenbat millaka bertso, gure agerkarietan argia ikusi zutenak? Geienak onak, gaiñera. Olako aberastasuna ez genduan agian bear ainbat estimatu garai artan.

BaiNa orain, euskal aldizkariak bertsorik gabe ikusten ditudanean, utsune orrek pena ematen dit eta zera pentsatzen det sarritan: euskal bertso-jartzailleen urrezko aroa orduan izan zala.

Zeruko opari oiek, ordea, osasuna bezela dira: galdu artean estimatzen ez ditugunak.

Matxainen bertsoen goi-maillaz ondo konturatuta, aren ordurarteko saillak bildu eta liburu batean argitaratu genituan 1969-an, Auspoa-ren 84-garrena bera, Uste gabean izenburuarekin. Itzaurrea ere berak idatzi zuan. Orrenbeste bertso jarri zituanak, lerro oiek izango ditu, bearbada, prosaz idatzi zituan bakarrak. Alda ditzagun, beraz, onera:

«Uste gabean jarri diogu liburu oni izenburua, uste gabean sortua dalako, uste gabean deitu didatelako esanaz nere bertso-sorta argitaratzera dijoazela; ta aurrera jarraitzeko pazientzirik duanak, jakingo du nere asiera bertso-jartzalle bezela nola izan zan.

Orain sei bat une, Donostiko ostatu bateau, iñulabarreko amarrak aldean, juntatu giNan iru lagun: bi erdi bertsolari; ta irugarrena, Aieteko baserritar bat.

Nere lagun erdi bertsolaria asi zitzaidan puntuak jartzen. Egun artan ni bapo nengoan, txuleta ederra janda, ta —zergatik ukatu?— litroko botilla bat ardo edanda. Eztakit ondo edo gaizki, baña zerbait erantzuten nion.

Ta, beti gertatzen dana, jokoa egin genduen zeñek bertso obeak jarri. Euskaldunak, geienak beintzat, erdi bertsolari ta erdi jokalari gera, ta gure seta guziak zerbait jokatuta bukatzen dira. Guk iru txuleta jokatu ginduzen. Eta erabakitzeko juradu ona jarri ere: Euskal Akademira, bertso-paper-txapelketara, bialdu gure bertsoak edo lanak, eta berak erabakitzen zutenarekin danok konforme.

Neri bigarren saria eman zidaten urte artan. Bai poz ederra artu ere! Geroztik jarraitu det tarteka-tarteka beste lan batzuek egiten; ta, gutxien uste nuanean, deia izan det, nere bertso-sortarekin liburua egin bear zala esanaz.

Ikusten dezute: uste gabean osatu dan ezkero, izen orrekin ateratzea nai det.

Besterik gabe, milla esker Zeruko Argia-ri nere bertso kaxkarrak bere orrietan leku izan dutelako; milla esker Basarri lagun jatorrari ainbeste kontseju on eman didalako, ta milloi bat esker Auspoa liburutegiari bertso zaar guziak ateratzen ari dalako ta, nik merezi gabe, neretzako izan duan begiramen aundiagatik.

Ta, azkenik, zuretzat, irakurle biotzekoa, eskatuko diot Jaungoiko guzialdunari, eman deizula osasuna ta patientzia nere bertso-sorta au irakurtzeko. Bertan arkituko dituzu —ontan seguru nago— zure gustokoak eztiranak. Oientzako aurretik itz bakarra esaten dizut, ain biotz xamurrekoa zeralako: barkatu!

Manuel Matxain».

Lerro oiek irakurri ondoren, irakurleak berak epai dezala ainbat bertso eder utzi zigun gizona ez ote zan gauza izango prosaz orrialde ederrik asko idazteko ere.

Uste gabean izeneko liburu ori, leen esan bezela, 1969-an atera genduan. Matxainek leengo antzera jarraitu zuan gogoz eta maisutasunez bertsoak jartzen. Bai kate luzea osatu ere. Eunka eta eunka bertso. Ala, aren beste bertso-bilduma bat osatzea aspalditik buruan nerabilkian. Bera bizi zalarik ori egitea izango zan onena. Baiña erioak aurrea artu zigun, gizon ura gu danok eramango gaituan bidetik eramanez.

Noizbait ere ekin nion lantegi orri, gure Manuel itzali ondoren bada ere. Leenengo liburu ura atera ondoren moldatutako bertsoak askoz geiago ziran, ordea. Zer egin, bada? Liburu zaarreko lanak liburu berritik baztertu? Ala bertso-uzta guzia batera bildu eta argitara eman? Auxe onena, noski, Aieteko bertso-jartzaille ura zer zan erakusteko, eta orrela egin degu.

Ortaz gaiñera, Auspoa-ren orduko eta oraingo liburuen neurriak ez dira berdiñak. Luze-zabalean aunditu egin dira. Orrek mesede egin digu: bertsoak bi zutabe edo illaratan jarri aal izatea. Ala, leengo doblea baiño geiago sartzen da gaurko orrialde bakoitzean. Orri eskerrak, zenbait bertsolariren lanak, garai batean bi edo iru liburutan banatu bearko genituzkenak, orain batean eskeiNi dizkiogu irakurleari: Sor Justina Aldalurren Ama Birjiñaren bizitza; AtaNoren Jesusen bizitza, Jose Insausti-ren Beti bertsoa buruan, eta orain Manuel Matxainena.

Eta izenburua zer jarri? Ortaz pentsatzen ari gi±ala, alako batez zera bururatu zitzaigun: eta zergatik ez leengoa bera? Uste gabean, alegia. Matxainentzat batere uste gabekoa izan zan liburu ura, berak orduko itzaurrean esan digunez. Ala ere, orain dagoan goi artatik mundu ontara begiratuta, liburu berri onen susmurrak izango zituan, noski, zerutarrak gure aragizko auek baiño begi txorrotxagoak dituzte eta. Baiña zera naiko lukela iruditzen zait: leengo aretxen segira izan dedilla oraingo au, bai izenburuz ere, mamiaz ala dan ezkero. Gaurko gure eskeintza mardul au, izan ere, leengo txiki ura bera da; landare bera, alegia, ogei ta amar urteren buruan gorakada aundia egin duana.

Ortaz gaiñera, leengo liburua zenbat euskaldunek izango dute orain? Plazaratu ditzagun, bada, orduko bertsoak eta geroztikakoak, bertsozale guzien gozamenerako.

Matxainen bertsoei zer irizten diegun galdetuko digu agian orain norbaitek. Leen ere esan det ez dala ori gure eginkizuna, baizik-eta bertso-jartzaille aren emaitzak aal dan garbien irakurlearen eskuetan jartzea; eta besterik ez.

Bertsolarien merituak literatur-kondaira batek neurtu bearko litzake; baiña bertsolaritzaren barrutik epaituta; ez kanpoko irizbideekin. Olakorik ez da egiten, ordea. Euskal literaturaren berri ematen duten liburuetan, bertsolaritzari leku gutxi ematen zaio, gai ortatik aalik-eta lasterren iges egiñik. Zergatik? Meriturik ikusten ez diotelako? Garai bateko euskalzaleak ala pentsatzen zuten. Ez gera, beraz, ortan aldatu? Bai; gaur bertsolaritza benetan estimatzen da. Baiña gure literaturaren berri emateko libururen bat prestatzen dutenak, egille eskolatuen lanekin naikoa dute, eta eskola zanpatu ez dutenen emaitzak alde bat uzten dituzte, gure erri-literatura ondo ezagutzeak geiegizko denbora eramango lieke eta.

Ala ere, zerbait esan dezagun Matxain bertsogintzaren doaiak zein diran. Bertsogintza erreza du. Batere beartu gabe borobiltzen du bertsoa. Nekerik gabeko lana balitz bezela. Baiña engaiñagarria izan liteke alde ortatik: edozei±ek egin lezakela ematen du; baiña berez ez da batere erreza. Era ontako idazleentzat bada erderaz esaera egokia: la difícil facilidad. Probatzen duanak ikusiko du Matxainen erreztasuna ere zein zailla dan. Aren pentsamentua ere oso argia, bai bertso bakoitzean eta bai sail osoan; eta aria ere zuzen eta garbi eramana.

Euskera ere ona. Arritzekoa da ori, bera erderaren mugan jaioa eta bizia izanik. Ain zuzen, leen aitatutako bertso jartzaille oparo oietatik iru Aietekoak dira. Bi, bertan jaio, bizi eta illak: Manuel Matxain eta Segundo Kalonje; eta irugarrena, Sebastian Salaberria, Oiartzunen jaioa, baiña bere denborarik geiena Aieten egiña, gaur Ernanin bizi bada ere. Beste bi oiek ere, Manuel Matxain zan bezela, oso euskera ederraren jabe ziran.

Gerra aurreko bertso-paperetako gaietatik, Manuel Matxain eta bere garaiko jartzailleen gaietara alde aundia dago. Auek leengo gai zaarrei ez diete muzin egiten: estropadak, apustuak, baserritar kontuak, fedea, nagusi-morroiak… BaiNa berriak ere erabiltzen zituzten. Orrela egin bearko litzake beti: leengo tradizioa ukatu gabe, berritasun oiekin aberastu.

Gai berri oiek, naiz eta zaillak izan, etzuten Matxain bildurtzen; erabili egiten zituan, baiña bere ikuspegi eta neurritik atera gabe. Bere mugak zein ziran bazekian arek, eta andik aurrera etzuan pausorik ematen. Ori ere buruz argia izatea da.

Bertsogintza era askotara artu eta neurtu diteke: bertso bakoitza, sail oso bat edo bertsolari baten emaitza guzia. Matxainen bertsoak, banaka artuta, bikai±ak dirala ikusiko degu: sail guziak ere, zein bai±o zein ederragoak; eta emaitza osoa ere aintzagarria. Altxor bat, beraz, arek ondaretzat utzi ziguna, eta guk bildu eta irakurleari eskeintzen dioguna.

Bilduma ori, ainbat gai ezberdin dituan ezkero, garai artako kronika bat bezela degu. Ez dizkigu urte aietako gertakizun guziak aitatzen; bai±a bai naikoak orduko euskal gizaldiaren ispillu biurtzeko. Bertso-jartzailleak, olakorik burutik pasa egiten ez bazaie ere, bertsoak moldatzerakoan istoria idazten dute. Matxainen liburu onek ere ortatik asko duala esango nuke.

Irugarren zati bat erantsi diogu liburu oni, Aitorpenak izenarekin. Alde batetik, Matxainek, ain gizon leial, biotz oneko eta alaia izanik, lagun asko zituan; bestetik, goi-maillako bertso-jartzaille, bolari eta tokalari genduan. Ala, bein baiño geiagotan aitortu izan zitzaizkion bere doai oiek, omenaldiak an-emen egiNez, eta bai idatziz ere, batzuetan prosaz eta besteetan bertsotan.

Aitorpen oiek biltzen saiatu gera, orrela irugarren zati ori osatuz. Leen bertsoengatik esan deguna gertatuko da emen ere: guk gogotik aalegindu arren, banaka batzuk onera gabe geldituak izango dirala, taldetik galdutako ardiak bezela. Baiña gizonak ez du nai duana egiten, aal duana baizik.

Itzaurre ontan esan bearrak esan ditudala uste det. Bukaera eman dezaiodan, bada, Basarriren bertso batekin:

O, lagun Matxain, nik galdetzen det:

zuk barren ortan zer dezu?

Gure Jainkoak ainbat birtute

batera eman dizkitzu:

bertso-jartzalle txit egokia,

buruz argi ta jakintsu,

bolarietan lenengo mailla,

tokan errege ta maixu,

txalogarririk iñon badago

txalogarria zera zu.

Un comentario en “O, lagun Matxain, nik galdetzen det: zuk barren ortan zer dezu?

  1. Aieteko berri

    Orain berrogei urte gu nola
    izaten giñan Aieten,
    al dan modurik onenean ni
    astera nua esaten.
    Aietearrak eliza baten
    premi aundia zeukaten,
    lagunza askok eskeñi baña
    iñork etzuan ematen.
    Pulamentuzko eskolik etzan,
    gure fedea auldua,
    euskera berriz aurtxo txikien
    ezpañetatik galdua.
    Bi gauza auek lur jo baño len,
    zorioneko ordua!,
    aingerutxo bat etorri zaigu
    gure Jaunak bialdua.
    Oso ezagun degu guziok
    Villa Emma jauregia,
    aingeru ori bertan bizi da
    Frantziatík etorria.
    Bere izatez frantzesa baña
    maite du gure erria,
    bere kontura eginda dago
    gure eliza berria.
    Gure Jainkoak gizon jator bat
    ipiñi zion onduan,
    bien biotza nolakoa zan
    ondoikusigenduan.
    On egitea beste gauzarik
    etzegon oien buruan,
    orrelakoak gaur oso gutxi
    ikusten dira munduan.
    Kulturik-eza txarra baitegu
    erriak aurreratzeko,
    elizakin bat agindu zuten
    eskola ere egiteko.
    Nola etzeuden fedea eta
    izkuntza galtzen uzteko,
    apaiz jaun batí deitu zioten
    danori erakusteko.
    Apaiz gazte au andoaindarra,
    Don Zezilio izena,
    Agirre berriz apellidua
    edo bere abizena.
    Konpesorea aparta da ta
    eskolan maixu zuzena,
    nik ezin neurtu aietearrak
    berari zor diotena.
    Aiete oso atzera zegon
    bera etorri zanean,
    badakizute zer izaten dan
    eskolarik eztanean.
    lritxi eta berealaxe
    gogor asi zan lanean,
    nunbait gorputza ezta nekatzen
    gustora dabillenean.
    Ainbat mutiko emen zeudenak
    len oso atzeratuak,
    berari esker ikusten ditut
    gaur guziz aurreratuak.
    Lantegi onak artu dituzte:
    opizina ta Bankuak;
    Don Zeziliori zer zar diogun
    ortik atera kontuak.
    Euskaldun jator eta zintzoa
    Euskalerrian bat bada,
    oraintxen ere ala izango da
    oso mudatu ezpada.
    Gerra zala ta juan zitzaigun
    Bizkaiako lurretara,
    etzait aztuko an ikusita
    eman nion besarkada.
    Ikusi gabe egondua naiz
    ia ogei bat urtean,
    baña banekin nola zegoan
    Lekeitioko partean.
    Emen bezela, beti lanean
    aurtxo txikien artean,
    Ea izenez ezagutzen dan
    erri atsegin batean.
    Aietearrak eztira aztu
    berrogei urte buruan,
    barrio danak eskeñi dizu
    oroigarri bat lenguan.
    Bertso batzutan al zan modura
    bertan azaldu genduan:
    egin zitzaizun omenaldia
    ondo merezi zenduan.
    Don Zeziliokin, egia esan,
    aspaldi zarretan nengon,
    gizona berriz era ortara
    eztiteke ondo egon.
    Len aurrez aurre bertso batzuek
    emen kantatu nizkion,
    orain paperez bialtzen dizkat
    berriro milla zorion.
    Zeruko Argia, 1967-XI-5.
    Matxain zanak berak zuzendu zuan ori, maite du gure erria bear duala esanez.

    Responder

Deja un comentario