Medikuak agintariekin bilduko dira arriskuez ohartarazteko

Batzar Nagusietara joateko hitzordua baieztatu diete jada, baina data zehazteko dago oraindik. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin eta Zubieta inguruko alkateekin bildu nahi dute.

cerillaPolitikariekin biltzeko deia egin du Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldeak. Batzar Nagusietara joateko hitzordua jada baieztatu diote mediku taldeari, eta oraindik data zehaztea falta zaie, baina datozen asteetan izango dela diote. Hala iragarri zuten astelehenean, Koldo Mitxelenan egindago pentsaurrekoan.

Era berean, medikuek deia luzatu diete beste hainbat arduradunei: Zubietan jarri nahi duten errauste plantaren bueltan dauden herrietako alkateei; Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari; sindikatuei… Azken batean, errauste plantak osasunarentzat kaltegarriak direla baieztatzen duten azterketak helarazi nahi dizkiete, Maialen Berridi medikuak nabarmendutakoaren arabera. “Espero dugu osasun arrazoiak nahikoak izatea proiektua geratzeko”, esan du Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldeko ordezkariak.

Orain arte nazioarteko txosten zientifikoak aztertzen ibili dira medikuak, eta herritarrak informatzen. Adituen arabera, heriotza tasa %13 hazi daiteke errauste plantetatik gertu bizi diren bizilagunen artean, eta minbizia kasuak igotzeko aukera dago. Era berean, haurdunaldietan eragin dezake errausteak, eta abortuak eta erditze goiztiarrak sor ditzake, eta haurrak malformazioekin jaio daitezke.

Gizartean kezka gero eta handiagoa dela dio Berridik: “Ez dugu proiektuarekin jarraitzeko arrazoia ulertzen. Aldundiari entzuteko eskatu nahi diogu”.

Mediku talde berak Gaintxurizketan egitekoak ziren errauste planta geldiaraztea lortu zuen. Orduan sortutako taldeko bozeramailea zen Jose Cruz Ruiz Villandiego medikua. Hamabi urte igaro dira, eta Ruiz Villandiegok lehen lerroan jarraitzen du. Izan ere, asteleheneko agerraldian egon zen, Berridirekin batera: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu errauste planta eraiki ala ez erabakitzeko azken hitza duten erakundeekin lehenbailehen biltzeko”.

Medikuak nabarmendu du, Txingudiko proiektu hartatik hamabi urte geroago, erakundeek ez dietela oraindik kontsultatu ere egin. Orduan ere errausketaren arriskuez ohartarazi zuten, gaur bezala

Deja un comentario