Etxadiko bizilagunak kezkatuta daude auzoaren egoerarekin

Batzar ireki bat egingo dute gaur, 19:00etan, Aieteko Topalekuan. Zirkulazioa, garbitasuna eta plazako arkupeen egoera hizpide izango dituzte, besteak beste

«Etxadiko bizilagunoi entzun behar gaituzte!». Deialdia iragartzeko irudian irakur daitekeen esaldia da. Bada, lelo hori izenburu hartuta, batzar ireki bat egingo dute gaur Aieteko Topalekuan, Etxadiko bizilagun batzuen ekimenez.

ARITZ SORZABAL

Hain zuzen ere, auzoaren egoerarekin kezkatuta agertu dira, eta bilera bat antolatzea beharrekotzat jo dute, identifikatu dituzten arazoak konpartitzeko eta udalari modu kolektibo batean zuzentzeko. Batzarra 19:00etan izango da.

Auzotarren hitzetan, «haserre gaude, udal agintariek auzoa utzita dutelako. Kiroldegian inbertsioa egin zuten, baina, urteak joan eta urteak etorri, akatsak azaldu dira. Haurren jolasak eta plazaren ingurua berritu dituzte, baina auzoko beste lekuak narrats daude. Eta hau dena, ur eta gas hornidura bideratzeko lanak egin aurretik; gero batek daki nola geratuko den».

Aipatutako lanak abian dira, eta auzoa hankaz gora jarri dute. Bizilagunek salatutakoa, baina, obra horiek baino harago doa; auzoa aspaldi dago utzita, euren ustez. Hala, bileran hizpide izango dituzte arazoak zerrendatu dituzte: garbitasuna, zirkulazioa, ikastetxeetako eta publiko diren autobusen funtzionamendua, garaje, taberna eta saltegiak dauden arkupeen egoera eta espazio publikoa bera.

Argiztapena

Espazio publikoari dagokionez, argiztapenean, hiri zerbitzuetan, zaborren kudeaketan eta mantentze lanetan ikusi dituzte hutsuneak. Zirkulazioari dagokionez, Borroto eta Merkezabal kaleak, Errondo eta Aiete pasealekua dira begiz jota dituzten guneak.

Honen harira, Aieteko auzo elkarteak, Lantxabek, behin baino gehiagotan salatu izan du Jesusen Alabak ikastetxearen aurrealdeko biribilgunean –Aiete pasealekuan dago– sortzen den nahastea: «Harrigarriak dira goizero biribilgunean sortzen diren butxadurak, haurrek ikastetxean sartzeko ordua dutenean».

Aritz Sorzabal

logoa-irutxulo

Deja un comentario