Oroitzapenak ezin dira eraitsi

Joakina eta Juani Urrestarazu eta Mari Carmen Illarreta omendu ditu Aieteko auzo elkarteak. Hiru emakumeek lotura zuzena dute Munto baserriarekin, jaiotzetik. PRIMERA

Munto baserri historikoa oso presente egon zen Katxolan, joan den larunbatean. Txotx denboraldiari irekiera eman zion Lantxabe auzo elkarteak, baina, horretaz gain, Muntorekin lotura zuzena duten hiru emakume omendu zituen: Joakina (Aiete, 1937) eta Juani Urrestarazu (Aiete, 1939) ahizpak eta haien lehengusin Mari Carmen Illarreta (Aiete, 1935). Hiruekin egon da Irutxuloko Hitza, iraganeko kontuen berri izateko.

Muntoko tresna, altzari, upel, agiri eta beste hainbat objektu 2006. urteko uztailean gorde zituzten Ibaetako udal biltegian, baserriko jabe Urrestarazu familiak Lantxaberi dohaintzan eman eta gero, auzoan bertan gera zitezen baldintzarekin.

Handik gutxira biltegitik Katxola baserrira eraman zituzten altxor batzuk; dolarea, tartean. Hala, Munto 2013ko otsailean eraitsi zutenean, baserriaren memoriak Katxolan jarraitu zuen bizirik. «Oroitzapen handiak ekartzen dizkidate objektu hauek guztiek. Lur azpian ez daude behintzat», adierazi du Joakina Urrestarazuk.

Katxolan Muntoko hiru kupel daude, sagardotegi ohiari begi-keinua egiteko: «Kupel hauen ondoan ibiltzen ginen, basoka basoka. 10 zentimo balio zuen sagardo baso bakoitzak», ekarri du gogora.

Joakina eta Juani Urrestarazu Munton jaio ziren, euren anaia Isidro eta ahizpa Benitarekin batera: «Benita oso gazte hil zen, 32 urterekin. Kolpe handia izan zen guretzat».

Benita Benta Txikiko Laureano Aldanondo mekanikariarekin ezkondu zen, eta, zendu zenean, zazpi hilabete zeraman harekin. Isidro 1996. urtean galdu zuten. Munto baserriaren ardura hartu aurretik, Irazabalbeitiaren tailerrean ibili zen zurgin lanetan. Anaia eta ahizpen izenak jarri zituzten Muntotik berreskuratutako hiru kupeletan, oroimen gisa.

Manuela Illarreta, gogoan

Illarreta familia zen Muntoren jabe XIX. mendean. Joakina eta Juani Urrestarazuren ama Manuela Illarretak bertan lan egiten zuen: «Gure amak osaba eta izebarekin egiten zuen lan, eta bertako morroiarekin, Fernandorekin, ezkondu zen. Baina, ama alargun geratu zen, eta lau seme-alabekin aurrera egin behar izan zuen».

Urrestarazu Illarreta familiaren esku geratu zen Munto, eta Manuela Illarretak berak ekarri zituen haize berriak baserrira. «Amak sagardotegia muntatu zuen, baina beste lan asko ere zeuden egiteko: baratzan ibiltzen ginen lanean, abereak ere bazeuden… Nire kasuan, 9 urtetik 20 urtera izan nintzen sagardotegian lanean, ezkondu nintzen arte», adierazi du Joakina Urrestarazuk.

Hilabetean behin bakarrik zuen jai Joakinak, igande arratsaldez. Jai egun batean ezagutu zuen bere senarra izango zena, Astigarragako jaietan.

Urrestarazu familiak lan handia egin behar izan zuen aurrera egiteko. «Krisian gaudela diote orain, baina ordukoa zen krisia. Zomorroekin jan izan genituen babarrunak eta dilistak», erantsi du Joakina Urrestarazuk.

Mari Carmen Illarretak, bere aldetik, gogoan du bere izeba Manuelak sukaldean zuen trebetasuna. Egungo sagardotegi menua beharrean, tomate saltsa, saltsa berdea patatekin eta halako kazolak prestatzen zituzten garai hartan. Mende erdi geroago, Illarretak oraindik ez ditu ahaztu izebaren arrain eltzekariak patatekin.

Kontxi Lasori ere egin diote ohore Katxolan

Joakina eta Juani Urrestarazu eta Mari Carmen Illarreta ez ezik, Kontxi Laso ere omendu zuten Katxolan, joan den larunbatean. Lantxabe auzo elkartearen alde egindako lan oparoa eskertzeko egin zioten ohore. «Parte Zaharrean jaio nintzen, baina 44 urte eman ditut Aieten bizitzen», azaldu du omenduak. Hain zuzen ere, lehen etxeak egin zituztenetik bizi da Etxadin.

Lasoren kirol ibilbide oparoa nabarmendu zuten Katxolan egindako ekitaldian. «Disko eta pisu jaurtiketan aritzen naiz, beteranoen txapelketetan. Brasil, Polonia, Alemania, Puerto Rico, Danimarka, Eslobenia… hainbat herrialdetan egon naiz», adierazi du. Txapel eta domina asko lortu ditu urte hauetan guztietan.

aritz

Aritz Sorzabal Irutxuloko Hitza

Deja un comentario