Aiete pasealekuan 30 kilometro orduko muga jartzeko eskatu dute

Pilar Aranari helarazi dio proposamena Lantxabe auzo elkarteak, Mugikortasuneko Kontseilu Sektorialaren Batzorde Iraunkorrean jorra dezan

30

Mugikortasuneko Kontseilu Sektorialaren Batzorde Iraunkorrera deitu du Donostiako Udalak datorren apirilaren 4rako, herritarrek bidalitako proposamenak aztertzeko. Hain zuzen ere, proposamenak bidaltzeko epea martxoaren 24a arte dago zabalik, eta, dagoeneko, zenbaitek etxeko lanak ongi baino hobeto egin dituzte. Aieteko auzo elkartearen kasua da, hamaika eskaera eramango baititu batzordera.

Lantxabe auzo elkarteak aspaldiko aldarrikapen bat jarriko du mahai gainean. Izan ere, Aiete pasealekuan 30 kilometro orduko muga jartzeko proposatu du berriro. Aietekoentzat lehentasun bat da, eta Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranari zuzendu dira eskaera horrekin. Istripuak saihestea eta segurtasuna bermatzea dute helburu neurriarekin, zentzuzko argudio bat erabilita: «Ibilgailu batek bere abiadura 50 kilometro ordutik 30 kilometro ordura murrizten badu, pertsona bat hiltzeko arriskua %45 batetik %5era igarotzen da», esan du auzo elkarteak.

Bestalde, neurriak kutsadura murriztu eta bizitza kalitatea hobetuko lituzkeela iritzi du Lantxabek. «Neurria atzerapenik gabe gauza dezaten eskatzen ari dira bizilagunak, etengabe», adierazi du. «Ulertu eta kontutan hartu behar dute, behingoz, hiri barneko errepide bat dela, ez igarobide azkarreko bide bat», erantsi du.

Era berean, Lantxabek proposatu du semaforo bat jartzea kultur etxearen mailan dagoen oinezko pasabidean. Segurtasun kontua dela berretsi du: «Ibilgailuek ez dute egungo seinaleztapena errespetatzen».

Pilar Aranari eskaera gehiago helarazi dizkio Lantxabek; bidegorria luzatzeko proposamena, kasu. Auzo elkarteak azaldu du, Jesusen Alabak ikastetxe ondoko horma eraitsiz gero, Oriamendiko bidegorria lotu ahalko luketela Aiete pasealekuarekin.

MURO

Bizikleta elektrikoen geltoki bat ere eskatu du, Aiete 16.000 biztanleko auzo bat dela oinarri hartuta. Bestalde, Jesusen Alabak ikastetxe ondoko biribilgunean zirkulazio arazoak sortzen direla ohartarazi du, eta, bide batez, Aiete pasealekuko eta Errondo Gaineko bizilagunentzat aparkaleku gehiago egokitu ditzatela eskatu du.

Dbus eta Katxola

Dbusen zerbitzuarekin lotura dute egindako beste proposamenetako batzuek. Hain justu, gai hau autobus konpainiako ordezkariekin jorratu zuten duela zenbait aste, eta orain berriro jarriko dute mahai gainean Mugikortasuneko Kontseilu Sektorialaren Batzorde Iraunkorra baliatuta.

Atotxako autobus geltoki berriarekin lotura bat izatea eskatu du Lantxabek, egungo lineek ez baitute zerbitzu hori bermatzen. Aldi berean, Dbusen 23, 32, 35, 32 eta 19 lineatan zenbait aldaketa egitea proposatu du, bizilagunen beharretara egokitzeko.

Azkenik, beste eskaera batzuen artean, beharrezkoa ikusten du Katxola baserria non dagoen jakinaraztea inguruko errepideetan, norabide taulen bitartez. Kultur balio handiko gune izanik, egin beharreko zerbait dela nabarmendu du auzo elkarteak: «Duela gutxi auzoko lau emakumeri egindako omenaldian, alkateak buru, zenbait pertsonek ez zuten baserria aurkitu», gogora ekarri du.

Aritz Sorzabal logoa-irutxulo

Deja un comentario