Metroaren proiektuak bi igogailu aurreikusi ditu Aieten

HITZA2Uda partean, 400 alegazio inguru aurkeztu zizkioten Donostialdeko Metroaren proiektuari hainbat elkartek eta eragilek, eta alegazio horien erantzuna jasotzen ari dira egunotan. Erantzuna jaso dutenen artean Lantxabe dago, Aieteko auzo elkartea. Hain justu, Lantxabeko kideak hilabete hasieran elkartu ziren Euskal Trenbide Sareko ordezkari Julian Ferraz eta Gorka Ereñarekin.

Euskal Trebide Sareko ordezkariek aurreratutakoaren arabera, Metroaren proiektuak bi igogailu aurreikusi ditu. Bata, Amarako geltokitik San Rokera igoko litzateke, Autonomia kaletik; bestea, Lugaritz eta Bera Bera lotzeko egokituko lukete. Azken honen beharra zalantzan jarri du auzo elkarteak.

Bi igogailu hauei hirugarren bat batuko litzaieke: Aiete pasealekua eta Morlans lotuko dituen igogailua. Udalak aurreikusita du aurrekontuan.

Igogailuen gaiarekin lotuta, Eneko Goia alkateak eta Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak agerraldi bat egingo dute gaur, “mugikortasun proiektu bertikal berria aurkezteko”. Prentsaurrekoa goizean izango da, udaletxean.

Irutxuloko Hitzak Metroaren proiektuari aurkeztutako alegazioei buruzko albiste bat argitaratuko du ostiralean, papereko edizioan, zehaztapen gehiagorekin.

Aitor Sorzabal

Hitza

Deja un comentario